'Corisanda de Baigorri' eleberria idatzi du Mila Beldarrainek
Fikziozko maitasun istorioa uztartu du 1572ko Nafarroako historiarekin; Juana Leona Juanikot eta Enrique III. Nafarroako erregea dira pertsonaia nagusiak.
XVI. mendeko historiaz baliatuz, giza harremanari buruzko eleberria idatzi du Mila Beldarrainek (Erdialdea, 1951): Corisanda de Baigorri. Fikziozko amodio istorio bat da liburuaren muina, eta historiako benetako gertakariekin nahastu du egileak. Beldarrainen bederatzigarren nobela da gaur aurkeztu duena, eta Ttarttalo argitaletxearekin kaleratu du. “Izugarri gozatu dut liburua idazten. Bukaerako puntua jartzeak sekula baino pena gehiago eman dit”, aipatu du Beldarrainek.
Zehazki, 1572ko udaberrian, Enrique III. Nafarroako erregea Valoisko Margarita printzesarekin ezkontzekoa zen. Ezkontza aurretik, ordea, Baigorriko Etxuz jauregian opor egun batzuk pasako ditu erregeak, eta han, Juana Leona Juanikot izeneko Cagotaz maiteminduko da, ondoren Corisanda izena hartuko duena.
Duela bi urte bere ama hil izanak eraman du Beldarrain Corisanda de Baigorri idaztera. Izan ere, ama hil zitzaionean, bere arbasoen inguruan hausnartzea erabaki zuen Beldarrainek, eta artxibo zaharretan ikertzen hasi zen. Orduan jakin zuen, bere bigarren abizenak, Albaitero, Baigorrin zuela jatorria, eta ez Baztanen, berak uste zuen moduan. Hala, istorioa asmatzeari ekin zion. Liburua idazteko fikzioa, majia, historia eta, batez ere, umore asko erabili duela azaldu du Beldarrainek.



