EAJk udal gobernua interpelatu du, Loiolako Erriberako zabor bilketaren sistemaren gabeziak konpondu ditzan
Bizilagunen artean gaiak “egonezina” sortzen duela nabarmendu dute.
Donostiako jeltzaleek Loiolako Erriberako zabor bilketaren sistemaren gabeziak zuzentzeko eskatu diote udal gobernuari, interpelazio baten bidez. EAJk gai honek bizilagunen artean erreklamazioak eragin dituela azaldu du. “Loiolako Erriberako zabor bilketa sistema aspalditik ari da arazoak sortzen, eta bizilagunak behin eta berriro hori eskatzen ari badira ere, gabezia horiek ez dira zuzentzen ari. Udal gobernuak auzo honekiko erakusten duen beste arreta eta kudeaketa defizit bat da, badirudi gobernuarentzat Loiola Erriberako arazoei kasu egitea ez dela inola ere lehentasunezkoa”, nabarmendu du EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek.
Martxoaren 13an egindako bileran, Loiolako Erriberako bizilagunei gaiak eragiten dien “egonezina” nabarmendu zela gogorarazi du San Romanek, eta horiek azaldu zituzten gabeziak azpimarratu ditu. “Asteburuetan zabor bilketa neumatiko sistema buxatu egiten dela eta zenbait kaletako bilketa puntu batzuk gaizki funtzionatzen dutela adierazi zuten. “Konpondu gabe luzatzen ari den egoera” dela salatu du eta udal gobernuak eskaerari “irtenbidea emateko garaia” dela adierazi du.


