'Euskara, ospeletik eguterara' erakusketa ibiltaria maiatzean iritsiko da Donostiara
Hizkuntzak jasandako trabak eta oztopoak, baita lekukotasunak ere bilduko ditu ikus-entzunezko batean eta zenbait paneletan, eta Gipuzkoako hainbat udalerritatik igaroko da.
‘Euskara, ospeletik eguterara’, halaxe izena du Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Memoria Fundazioarekin antolatu duen erakusketa ibiltariak. Hamabost panelek eta lekukotasunak jasotzen dituen 20 minutuko ikus-entzunezko batek osatuko dute erakusketa, eta Gipuzkoako hainbat udalerritatik igaroko da, egindako lankidetzari esker. Oiartzun izango da lehen geltokia, eta Donostiara maiatzean iritsiko da. Hain zuzen ere, Egiako kultur etxea izango da erakusketaren eszenatokia. Erakusketaren inguruko azalpen guztiak eman dituzte aldundian bertan Zigor Etxeburua aldundiko euskara zuzendariak, Euskal Memoriako Arantxa Erasunek eta Irati Etxebeste Oiartzungo Udaleko Euskara zinegotziak, gaur goizean. Bereziki, azken mendean euskararen aurka hartutako neurrien zipriztinak jasoko ditu erakusketak. Frankismoan euskaraz hitz egiten zuena zigortzeko erabiltzen zuten eraztunetik hasi eta egungo trabetara arte.
“Euskararen normalizazioaz urteetan asko hitz egin dugu, lan handia egin dugu, baina ez dugu hainbeste hitz egin euskal hiztunon bizipenetaz. Ez dugu hitz egin gehiegi zenbat gozatu dugun euskararekin, baina ezta ere, zenbat arazo izan ditugun euskaraz bizi nahi eta ezin izan dugunean. Euskaraz bizitzeko diren traba guztiak eta gehiago jarri dizkigute, eta oraindik ere badira”, azaldu du Etxeburuak. Hari horri tiraka osatu dute erakusketa, izan ere, Etxeburuaren hitzetan, euskaldunek ezin dute jarraitu “frustrazioaren bidetik”. “Normalizazio politikoaren garaian gaude eta bere besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak”, gehitu du Etxeburuak.
“Euskal Memoria Fundazioak hizkuntza zapalkuntzaren gaiari heldu zion Euskararen kate hautsiak lanaren bidez. Lan horretan, memoria dokumental bizia jaso dugu, euskararen aurka egin den guztia ezagutarazteko. Oraingoan aukera emango digu memoria hori gizarteratzeko, eta egitarau zabala osatu dugu, eskualdez eskualde”, azaldu du Erasunek. Azken batean, euskarak jasotako zigorrez gain, euskararen alde herritarrek egindako bide zabala ere jorratuko dela gehitu du. Gainera, lekukotasunak biltzen jarraitzeko asmoa dute Erasunen hitzetan; hala, soka batean lekukotasunak itsasteko asmoa dute. Izenburuaren zergatia ere azaldu du Erasunek. “Bi ardatzak erakutsi nahi ditugu. Ospela da nolabait euskararen itzala, ezabatzeko egin duten bidea, egutera berriz, euskal mugimenduari esker euskarari heustea lortu izan da”.
Erakusketa apiriletik udazkena bitarte herriz herri mugituko da, data guztiak zehaztuak ez dauden arren. “Apirilean, Oiartzunen hasiko da. Maiatzean Zarautz, Donostia eta Arrasaten izango da; ekainean, Tolosa, Azpeitia eta Urola Garaian; eta udazkenean, Orio, Lasarte, Deba barrena, Goierri eta Deba Goienan inguruan” , azaldu du Etxebestek.



