PSE-EEk Julio Caro Baroja gogoraraztea proposatu du
Julio Caro Baroja historialari eta antropologoaren jaiotegunaren mendeurrenaren harira, apirileko udalbatzarrera erakunde adierazpen bat eramango dute. Sozialistek Donostiako Udala Caro Barojaren omenez ospatzen ari diren ekitaldien parte izatea eskatu dute.
Nahiz eta Madrilen jaio, antropologoa Donostiarekin harreman handia izan zuela azaldu du PSE-EEk. Marisol Garmendia zinegotziak Julio Caro Barojak utzitako ondarea gogorarazi du eta, nahiz eta Antiguan dagoeneko bere izena duen plaza bat izan, Donostiako Udalak bere jaiotegunaren harira ospatzen ari diren ekitaldiekin bat egin beharko lukeela uste du Garmendiak. “Jarduera programa bat antolatzea posible izango litzatekeela pentsatzen dut, bere ekarpen intelektuala eta hiriarekin zeukan harremana ezagutzera emateko”.
Julio Caro Baroja, Aranzadi eta Barandiaranen jarraitzailea, XX. mendeko intelektual bikainetako bat bezala ezagutu izan dela eta euskaltzaina ere izan dela azaldu du PSE-EEk.


