'Donostiak 1000 urte' hitzaldia
Jose Luis Orella Unzue Erdi Aroko Historian katedradunak 1014. urteko dokumentu historikoari buruzko hitzaldia emango du bihar, asteartea (19:30).
Donostiako jatorriari buruz ezagutzen den lehen aipamen historikoa izango du hizpide bihar, San Telmo museoan, emango duen hitzaldian. Izan ere, Leiren aurkitutako 1014. urteko dokumentu batek, Hernaniko San Sebastian monasterioaren dohaintza eta Leireko monjeek monasterio honen errenta eta onurekiko zuten eskubideak zehazten ditu. Izen hori daraman monasterioa aipatzen den lehen aldia da, eta Hernaniko eremuan aurkitzen zen.
Dokumentu honek balio historiko handia dauka, nahiz eta bere egiazkotasuna zalantzandagoen. Historialariaren hitzetan, baliteke garai hartan, Leireko monjeek monasterioaren jabetza eta haren errentak jasotzea justifikatzeko dokumentua faltsifikatu izana. Monjeek nolabaiteko egiaztagiri legala behar zuten monasterioaren hamarrena jasotzeko. Baina dokumentua, faltsifikatua izan arren, garai hartakoa da eta deskribapen zehatza eskaintzen du (monasterioaren deskribapena, toponimia, garaiko elementuak etab.) XII. mendean egiazko dokumentu gisa hartua izateko. Horrek adierazten du lehen mailako iturri historikoa dela.
Dokumentu honen garrantzia, idatzia izan zen garaian datza; hau da, orain dela mila urte kokatzen du monasterioaren existentzia, izena, eta beste elementu batzuk, toponimia kasu. Dokumentu horrek narratzen digun historian argi azaltzen da leku hau euskalduna zela, toponimiak adierazten duenez. Eta lurralde horren antolamendua, bere Iruñeko erresumaren menpeko zen (Leire erresumaren antolakuntza erlijioso eta lurraldetasunaren gune nagusienetakoa zelarik). Historialarien arabera, elementu hauek guztiek gure herriaren, historiaren, kulturaren eta bizitzeko moduei buruzko informazio garrantzitsua eskaintzen dizkigute. Eta elementu horiek guztiek gure hiriaren nortasuna eta garrantzia azpimarratzen dute.
Hitzaldi hau Motako gaztelua kultur elkarteak antolatu du San Telmo Musearen eta Donostiako Udalaren laguntzari esker.