Giza katearen aldeko spot parte hartzailea egin dute
http://youtu.be/B5h1nJYw_pQ
Jende zoriontsua herri libre batean. Horixe da Gure Esku Dago dinamikak prestatzen ari den iragarkiaekin irudikatu nahi duena. Ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza katearen harira egin dute, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde. Dinamika 2013ko ekainean hasi zen, eta ordutik herriz herri ari dira Gure Esku Dago talde txikiak sortzen, herri aktibazioa eta atxikimendua lortzeko helburuarekin. Azken egunotan, spot berezi bat grabatzen ari dira Euskal Herriko zenbait herritan. Izan ere, Baionan hasita, Bilbon egon dira, eta gaur Donostiaren txanda izan da.
Gure Esku Dago dinamikak deituta, hainbat herritar hurbildu dira gaur goizean Kursaal ondoko bulegora. Euria ari zuen arren, denek ilusio eta gogo handia erakutsi dute giza katearen alde iragarkia grabatzeko ekimenarekiko. Ion Telleria kazetaria da grabazioa antolatzen ari den pertsonetako bat eta bera izan da sortu den taldea gidatu duena. Egunean zehar bi grabazio egingo dituztela esan du, bata Saguesen eta bestea Bulebarrean. Goizeko saioa Saguesen izan da, eta bertara abiatu dira herritarrak.
Filmatu behar zuten eszenaren berri Telleriak eman die: “Musikari batzuk kontzertu bat ematen ari dira, eta publikoa musikaz gozatzen ari da. Hala ere, musika taldearen atzetik zerbait gertatzen ari dela nabaritzen da. Jendea korrika doa, giza katera. Honela, kontzertuan dagoen publiko guztiak, musikariak barne, bertatik alde egiten du”. Behin azalpenak emanda, Saguesen bertan zeuden kameralari eta teknikoek ingurua prestatu dute: musika taldearen instrumentuak eta baliabide teknikoak, besteak beste. Bitartean, bildu diren donostiarrak euriari aurre egiteko taberna batean indarberritu, eta martxan jarri dira. Bi mutil eta neska batek jokatu behar izan dute musikarien papera. Horietako bat Amara Berriko Jon Olano izan da. Bazekien spota egiteko jendea behar zutela; eta, gainera, beste herrietan arrakasta handia izan duela azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri. Horrenbestez, lagunekin etortzea erabaki du, eta musikariarena egitea egokitu zaio. Musikaria den galdetuta, honakoa erantzun du: “Nola izango naiz ni musikaria? Bateria jotzen dudan lehenengo aldia izan da, eta ez dut uste bigarrenez egingo dudanik”, esan du algaren artean. Esperientzia, hortaz, berria zein bitxia izan dela aitortu du.
Kamerak musikarien planoak hartzen zituen bitartean, jendez osatutako multzo handia korrika egiteko prest zegoen. Besoak eta hankak gora eta behera ibili dira, teknikoak klaketa eman eta grabazioari hasi aurretik. Olatz Gorrotxategi antiguarrak kazetaritza ikasten du, baina horrelako iragarki batean parte hartzen duen lehenengo aldia izan da. “Euria ari du, baina berdin berdin etorri gara. Talde polita osatu dugu, adin guztietakoa eta ongi pasatzen ari gara, oso dibertigarria izaten ari da”, esan du. Bere ustez, Gure Esku Dago dinamika oso garrantzitsua da euskaldun eta Euskal Herriarentzako, eta horrexegatik hurbildu da gaur Saguesera.
Behin dena prest zegoenean, euriak babesten zituzten aterkiak alde batera utzi eta korrika hasi dira herritarrak. Lehenengo aldia bikain gelditu den arren, lauzpabost aldiz grabatu dute eszena. Ion Telleriak azaldu duenez, spotaren helburua jende zoriontsua herri libre batean erakustea da, hau da, “jendea bere egunerokoan dabilela, poztasunez betetzen du erabakitzeko aukera horrek”. Bestalde, giza katea denontzat irekia dagoen ekimen bat dela gogoratu du, eta erabakitzeko eskubidea denoi dagokigula.
Arratsaldean, Bulebar inguruan jende gehiago behar zutenez, haurrak ere bildu dira, eta beste eszena bat filmatu dute. Iragarkiaren grabazioarekin bihar Bardetan jarraituko dute, eta Iruñean amaituko da.