Nora Galparsoro Donostia Ospitalea eta Matia Fundazioko ordezkariekin, ekoizle handiei bideratutako kanpainaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ekoizle handiek ere hondakin organikoa bereizteko kanpaina jarri du abian udalak; dagoeneko 578 ekoizlek eman dute izena. Orokorrean, berriz, 7.000 herritarrek egin dute bat edukiontzi marroiaren erabilerarekin.
Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia gustura agertu da hondakin organikoa biltzeko sistemaren aldeko erantzunarekin. Kanpaina hasi berria den arren, eta oraindik auzo guztietara zabaldu ez den arren, herritarren jarrera “oso positiboa” izaten ari dela esan du. 2016rako sortutako hondakinen %60a birziklatzearen erronka gogoan, bide horretan “beste pauso” bat eman dutela esan du Galparsorok. Izan ere, hiriko saltoki eta ekoizle handiek ere edukiontzi marroia erabiltzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Gaur egin dute ekoizle handiei begira abian jarritako kanpainaren aurkezpena. Bertan izan dira Donostia Ospitalea eta Matia Fundazioko ordezkariak ere, euren eredua azaltzeko; 2008an hasi ziren hondakin organikoak bereizten.
Hauek bezala, Amara eta Groseko beste hainbat ekoizle handik ere jada erabiltzen dute sistema; Poliklinika, Amara Berri ikastetxea eta Nafarroa Behera plazako zenbait dendek esaterako. Galparsororen esanetan, “ekoizle handiek eragin nabarmena dute hondakin bilketa eta birziklatze kopuruetan”. 2013an bildutako hondakin organikoaren %39a ekoizle handiek sailkatutakoa izan zen, 408.000 kilo guztira.
Txartel berezia
Hondakin organikoaren bilketan izena ematen duten ekoizle handiek txartel berezi bat jasoko dute, eta herritarrek erabiltzen dituzten ohiko edukiontzi marroiak erabiliko dituzte. Datorren astetik aurrera hasiko dira txartela erabiltzen.
Donostiako Udala saltokiz saltoki ari da kanpaina zabaltzen, ahalik eta gehienek izena eman dezaten, eta Galparsorok aurreratu duenez, gehienek aldeko apustua egin dute. Orain arte Amara, Egia, Gros eta Erdialdean aritu dira, honako emaitzak lortuz: Erdialdean 215 ekoizle handik eman dute izena, Amaran 150ek, Grosen 123k eta Egian 90ek; guztira 578. Dena dela, datu hauek sendotzea espero dute, maiatzetik aurrera hiriko beste auzoetan ere izena emateko aukera eskainiko baitute.
Matia Fundazioa eta Donostia Ospitalea
Bietan ere handia da sortzen duten hondakin organiko kopurua. 2008an hasi ziren bereizten, eta oso harro daude emaitzarekin. Sistema abian duen sei zentroetan 20 tona hondakin organiko sortzen ditu Matia Fundazioak urtean. Donostia Ospitalean, berriz, 20 tona bereizi zituzten lehen urtean, iaz, berriz, 105 tona.
Aldo Gorosabel, Donostia Ospitaleko Ingurumen arduradunak azaldu duenez, otorduetan sortzen den hondakinak dira sailkatzen dituztenak. Bai geletakoak eta baita kafetegikoak ere. Bere esanetan, “langileen ahaleginari esker lortzen dira hain emaitza onak, baina kopuru izugarriak dira eta merezi du”. Iritzi horrekin bat dator Maria Francesca Cerdo, Matia Fundazioko arduraduna ere; “ez dugu hondakin kutsakorrik sortzen, baina hondakin organikoaren ekoizle handiak gara, eta egoki bideratu behar ditugu, denon onerako”.