Izagirrek inplikazioa eskatu dio Urkulluri
Juan Karlos Izagirre alkatea Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da gaur Gasteizen. Donostia 2016 proiektuaren inguruan egingo dituen lehen bilera izan da gaurkoa. Inplikazioa eskatu dio lehendakariari. Lidergoa Donostiari aitortuz, gainerako erakundeen inplikazioa eskatu du, baita inplikazio ekonomikoa ere: “Urgenteena da bulegoan baliabide guztiak jartzea, bertako langileek proiektua kalera atera ahal izateko. Horretarako giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak guztiak beraien eskuetan utzi behar ditugu”, adierazi du alkateak.
Jaurlaritza prest dago Donostia 2016 proiektuaren bulegoak behar duen laguntza guztia emateko, hiriburutzarekiko konpromisoa “osoa” dela azaldu baitute lehendakariak eta Cristina Uriarte sailburuak. Bulegoaren zuzendaritza berria osatzeko Bruselaren irizpideen arabera osatuko dutela hitz eman du Izagirrek, eta Jaurlaritzak konfiantza osoa du talde berri hori uda aurretik lortuko dutela.
Hil honetan Martin Garitano diputatu nagusiarekin eta Jose Maria Lassalle Espainiako Estatuko Kultura idazkariarekin bilduko da Izagirre.