Umetako oroitzapenak berreskuratu dituzte
Jane-en ibilaldia egin dute Karmen Urretabizkaiak (Egia) eta Izaskun Egiak (San Roke). Biek ala biek Altzarekin lotura izan dute, eta aspaldiko kontuak ekarri dizkie gogora.
Bezperan jakin zuen Karmen Urretabizkaiak (Egia) Altzan egin behar zutela ibilaldi berezi hau. Herriak eta auzoak ezagutzea gustatzen zaio Urretabizkaiari, eta gainera, interesgarria iruditu zitzaion paseoa oinez egitea. Osaba-izebak Molinaon bizi zirela kontatu dio Irutxuloko Hitzari. Bisitan joaten zen haien etxera, eta eunak ematen zituen bertan; leku hori berriz ikustea gustatu zaio gehien.
Bertan zeuden gauzak eta giroa gogoratzen disfrutatu du: festak, bertsolariak… “Hiltegi bat ere bazegoen… Nik behiak ikusten nituen. Bizirik sartzen ziren, eta erne egoten ginen errekara begira, odola noiz aterako zain. Egun izugarria dirudi, izutzeko modukoa, baina garai hartan, duela 50 urte, Molinaoko haurrok horretan ere ematen genuen gure denbora”, azaldu du Urretabizkaiak.
Altza oso auzo “nahasia” dela uste du, “itsusia” ere bai: “Gauza asko egin dira abiadura bizian. Ordenarik gabe egindako transformazioa sufritu du. Kultur etxera, Casaresera, etorri nintzen duela gutxi, eta galdu egin nintzen. Autobusean zoazenean ikusten da erraz zenbat buelta eman behar diren. Dena biribilgunez beteta”.
Izaskun Egiak (San Roke) Bartzelonako lagun baten bidez ezagutu zuen Jane’s Walk ibilaldien proiektua, eta beraien bidez ere jakin zuen Bartzelonan ez ezik Donostian ere egiten direla. Haiek abisatu zioten orain maiatzean egiten zirela. Karmen Urretabizkaiarekin batera etorri da gaurko ibilaldira. Altzan egingo ez balira ere, berdin-berdin etorriko zela esan du, baina Altzarekin lotura berezia duela aitortu du: “Ez naiz altzatarra, baina gurasoak pasaitarrak ditut, eta Pasaian ikasi nuen. Hain zuzen, Altzari zegokion ikastetxean”. Pasaia, Altza eta Donostiaren arteko harremana ondo ezagutzen du, beraz. Altzako Historia Mintegiko kide batzuk ere ezagutzen ditu, eta ibilaldian parte hartuko zutela jakin zuenean, ba parte hartzeko motibazio are handiago sentitu zuen. Gaur etorri denean ikastetxeko ikaskide zaharrak eta ezagun gehiagorekin egin du topo. Luzuriagaren okupazioaren ondoren egin dituzten aldaketak gertutik ezagutzea gustatu zaio gehien.


