Bidezko Merkataritzaren nazioarteko egunaren harira antolaturiko jarduerak aurkeztu dituzte udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako Bidezko Merkataritza taldea osatzen duten erakundeek, Adsis fundazioa, Emaus, Setem Hego Haizea eta Caritas Gipuzkoak, Alboan erakundearekin batera, bat egin dute 1.000 herri eta 50 herrialdetan aldi berean egingo diren ospakizunekin. Giza eskubideen eta ingurumenaren errespetuan oinarritutako merkataritza eredu bidezkoago bat aldarrikatuko dute.
Antolatzaileen arabera, egungo ekoizpen eta kontsumo eredu ekonomikoek ondorioak dituzte jendartean, bazterketa, pobrezia, giza eskubideen urraketa eta ekologiaren hondamena sor baititzakete. Horregatik, egungo kontsumo eredua zalantzan jartzeaz gain, eredu zuzenagoak eta bidezkoagoak landu nahi dituzte.
“Urrats txikien bidez, gizartea eraldatu” daitekeela uste dute. Hori dela eta, Bidezko Merkataritzaren nazioarteko egunaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte.
Jarduerak
Aieteko kultur etxean bidezko merkataritzari buruzko erakusketa bat jarri dute ikusgai maiatzaren 11 arte:
Donostia, bidezko merkataritzaren aldeko hiria.
Bestalde, Botanika tabernan (Gernikako arbola pasealekua, 8),
Bizitza indartuz zaporez eta justiziaz dastaketa hitzaldia egingo dute ostiralean, 17:00etatik aurrera.
Larunbatean, maiatzak 10, egun osoko aldarrikapen eguna egingo dute Gipuzkoa plazan.
-11:00etan: hasiera trikitixarekin
-11:00etan: birziklatutako materialekin tailerra
-12:30ean: Kontukantoi ipuin kontalaria
-17:00etan: jolas kooperatiboak
-17:30ean: txapen tailerra
-18:00etan: Taupada batukada
Egun osoan zehar bidezko merkataritzako produktuen dastaketa eta salmenta, erakusketak eta informazio guneak ere egingo dituzte.