Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal gobernuak hurrengo udalbatzarrean eztabaidatuko den erakunde adierazpen bat erregistratu du, Eusko Jaurlaritzari Arte Ederren eraikinari babes maila handiena emateko eskatuz, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko.
Otsailean Udalbatzak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezi berria onartu zuen. Onarpen horren ondorioz, Udalbatzak, udal gobernuaren irizpidearen kontra – kanpoko fatxadak eraistearen kontra azaldu baita- gaur egun Arte Ederren eraikinak duen C babes maila ematea adostu zuen.
Aurten, eraikinaren mendeurrena beteko da. 1914ko irailaren 14an inauguratu zuten Arte Ederren eraikina, zinema-areto gisa, eta antzoki bilakatu zen gero. 1977ra arte, Donostiako Orfeoiaren egoitza izan zen, eta ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entseguetarako areto. Euskal Herriko zinema-aretorik zaharrena da, eta Lehen Mundu Gerra aurreko halako eraikin gutxi gelditzen dira Europan.
Eusko Jaurlaritzako teknikariek 2013ko ekainean egin zuten txostenaren arabera, Arte Ederren eraikinak Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko espedientea hasteko baldintzak betetzen ditu. Udal gobernuaren arabera, babes horrek gainditu egiten ditu Udalaren eskumenak, Eusko Jaurlaritzak baino ezin baitu eman. Dena dela, honek ekarriko lukeena da EHOPBaren fitxa hau zuzentzea eta Udalaren aldetik A babes maila gisa katalogatzea.
Bestalde, udal gobernuaren arabera, ICOMOS edo Europako XX. mendeko Ondarea Kontserbatzeko Batzorde Zientifikoko arduradunak egindako oharrak “kalte handia egingo lioke Donostiaren irudiari; are gehiago, 2016ko kultur hiriburutzaren urtearen atarian gaudela”.
Horregatik guztiagatik, Bilduk erakunde adierazpen bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzari Arte Ederren eraikina Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko espedientea hasteko eskatuz, babes maila gorena emanez. Gainera, Eusko Legebiltzarrari eskatzen dio adierazpen bat onar dezala, Eusko Jaularitzak ahal bezain laster izapidetzeko Arte Ederren eraikinaren babesa.