Niessenen 100 urteko ibilbidea jaso du San Telmo Museoak
Industria. aldaketaren eragile izeneko erakusketa iraunkorraren barnean bildu dituzte enpresaren historia agertzen duten hamabi panelak; liburu bat ere idatzi dute eta bi erakundeen arteko akordioa sinatu dute.
Ehun urte bete ditu Niessenek. Azken urteetan egoitza Oiartzunen duen arren, Errenteria-Oreretan hasi zuen bere ibilbidea elektrizitate material enpresak, 1914an. Guillermo Niessenek sortutako lantegiak 19 langile zituen hasieran, eta pixkanakako hazkundearen ondorioz, 700 langile izatera ere iritsi zen. Lehen mendeurrena osasun betean lortu du, 214 langilerekin. Bere lanaren garrantzia erakutsi nahi izan du Niessenek; hala, enpresaren 100 urteko historia eta nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa bat jarri dute San Telmo Museoan. Industria, aldaketaren eragile izeneko museoaren erakusketa iraunkorraren barnean jarri dute Niessenen erakusketa; gaur aurkeztu dute, eta maiatzaren 31 bitartean egongo da ikusgai. Gainera, hitzarmen bat sinatu du enpresak San Telmorekin, Lanbide Heziketako ikasleen bisitak sustatzeko. Errenteria-Oreretara eramango dute erakusketa, bertako Madalen jaietarako.
Hamabi panelek osatzen dute erakusketa, eta bertan, lantegiaren historia zein berezitasunak jasotzen ditu. Argia pizteko edo itzaltzeko egunero ukitzen ditugun etengailuak Niessenenak izaten dira, beraz, gu konturatu ez arren, gure eguneroko bizitzan murgilduta dagoen ezinbesteko tresnak sortzen ditu enpresak. ABB multinazionalaren barnean dago egun Niessen, eta bertako Antxon Lopezen esanetan, berrikuntza izan da beti euren berezitasuna. “Erakusketak Niessenen geroa, oraina eta etorkizuna erakusken ditu. Aurrera jarraitzeko dugun gogoarekin”, aipatu du Lopezek. Honakoak dira hamabi panelen izenburuak: Guillermo Niessen eta fundazioa; Niessen, aitzindariak Manchester Txikian; Bakelitaren inperioa; Bakelite, gustu eta erabilera guztietarako; 100 eta 400 Serieek joera berriak ezartzen dituzte; 6.000 Seriea, diseinuaren unerik erabakagarriena; Fabrikaren hedatzea eta Oiartzunera lekualdatzea; Niessen fabrikaren oinordekotza Errenterian; Talde konprometitua eta kualifikatua; Diseinuko maisuak, Pumatik Milleniunera; Etorkizuneko etxea guztien eskura; Niessen, 100 urte hasiera baino ez dira. Hala, paneletako irudien eta testuen bidez, enpresa horrek Gipuzkoan duen garrantziaz ohartarazi nahi dute. Argazkiak errekuperatzearen lana Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du. Halaxe egin baitzion enkargua Niessenek duela bi urte.
Liburu bat ere bai
Erakusketa ez da Niessenek egin duen gauza bakarra mendeurrena dela eta. Izan ere, liburu bat ere osatu dute. Zehazki, Javier Barajasek idatzi du Niessen, cien años despues izeneko liburua. Bertan, argazki zahar, berri, testu eta elkarrizketen bidez, Niessenen ibilbidea jaso du. “Niessenek eta Aranzadik emandako dokumentazio mordoa nuen, baita milaka argazki ere, eta sekulako erronka izan da niretzat”, azaldu du Barajasek.