Javi Salgadok partida zoragarria egin du. Sei hiruko sartu ditu, eta 20 puntu egin ditu orotara. (Argazkia: ACB.com)
Garaipen entzutetsua lortu du gaur Gipuzkoa Basketek (66-72), Gasteizen irabazita, Laboral Kutxaren aurka. Sito Alonsok zuzendutako jokalariek lehen zati bikaina egin dute, eta alde nabarmenarekin joan dira aldageletara (21-40). Hori bai, aldea are eta handiagoa izan zitekeen, azken minutuetan gasteiztarrak zertxobait esnatu izan ez balira. Hain zuzen ere, bigarren laurdenean, Gipuzkoa Basket 25 puntu gora egon da (13-38). Talde donostiarrak lotsagarri utzi ditu gasteiztarrak une askotan. Izan ere, Laboral Kutxa ez da iraganean izandakoaren itzala ere.
Hala ere, etxekoek ezin zuten okerragoa egin. Horrenbestez, hobekuntzak etorri behar zuen, bai ala bai. Eta hala izan da. Donostiarrei sufritzea egokitu zaie bigarren zatian, gasteiztarren defentsak ito baitie minutu askotan. Hala, abantaila piskanaka piskanaka joan da laburtzen. Hirugarren laurdenean hamar puntukoa zen (52-62) eta azken segundoetan, bi puntukoa bakarrik (66-68). Gipuzkoa Basketek, hala ere, jaurtiketa libreetan asmatu du eta horrek eman dio garaipena. Lehenago, Laboral Kutxa aldea murrizten ari zenean, Javi Salgado izan da, bere hirukoekin, taldea aurretik mantendu duena. Sei hiruko lortu ditu Santutxukoak, eta erabakigarria izan da 20 puntu sartuta.
Gipuzkoarrek Ligako play-offerako sailkatzeko aukerak dituzte oraindik, garaipen hau eskuratuta. Laboral Kutxa garaipen bakar batera dute, eta gasteiztarrak dira zortzigarren postuan daudenak; azken postua, play-offak jokatzeko. Hiru partida geratzen dira bakarrik, baina edozer gauza gerta liteke.