Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zubi berria oraingoa baino altuagoa eta zabalagoa izango da, eta ibaiaren bidea, berriz, hainbat puntutan bikoiztu egingo dute.
2013ko azaroan Udalbatzak aho batez onartu zuen Martutene inguruan etenda zegoen hiria antolatzeko Plan Orokorra abian jartzea. Etenaldia altxatzeak zubi berria eraiki, ibai ertza zabaldu eta ingurua urbanizatzea ahalbidetuko du.
Udaleko Gobernu Batzordeak bihar emango dio behin betiko onarpena erabakiari. Beraz, Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, edo kasu honetan URAk ez du inolako trabarik izango lanekin hasteko. Dena dela, Plan Orokorra ezin izango dute Martutene osoan abian jarri; Campos Eliseos delako eremua oraindik etenda geratuko da, abiadura handiko trenak izango duen eragina zehaztu gabe baitago oraindik.
Dena dela, Burutaranen arabera, biharko onarpena oso garrantzitsua izango da Martuteneko bizilagunentzako; “Uholde arriskua murriztea lehentasuna da udal gobernuarentzat, eta hala erakusten dute gai horretan legegintzaldian zehar egindako aurrerapenek. Udalak 12 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu horretan. Oraindik plangintza mailako hainbat urrats egiten ari gara Eusko Jaurlaritzak zubi berria eraiki eta ibaiaren bidea handitzeko lanei urtea amaitu aurretik ekin diezaion”, esan du Burutaranek. Konpromiso hori hartu zutela nabarmendu du zinegotziak, eta lanak azaroan hastea espero dute.
URAk du Urumea ingurua eraldatzeko eskumena. Dagoeneko proiektua onartuta dago, eta esleipen fasean dagoela adierazi du Burutaranek. Udala, berriz, inguruko higiezin eta lursailen azken eskuratzeak egiten ari da.
Portutxo, Sarroeta eta Trinkete
Portutxoren zatikako ordenamenduak neurri handi batean egungo hiri egitura mantentzen du, obra hidraulikoek eragindako egoerari egokituz. Egungo errepide sarea urbanizatzea aurreikusten dute, elkarbizitzarako gune bilakatuz. Kaperaren inguruan plaza moduko espazio libre handi bat aurreikusten dute.
Era berean, Portutxon 44 etxebizitza egitea ere aurreikusi dute. Hauetatik %40 inguru babestutakoak izango dira eta %60 libreak. Beste erabileretarako guneei dagokienez, kirol anitzetarako pistak eta espazio libreak ere aurreikusten dituzte.
Trinketeren kasuan 105 etxebizitza eraikiko dituzte, hauetatik 32 babes ofizialekoak. Sarroetan, berriz, 544 etxebizitza egingo dituzte, 218 babes ofizialekoak.
Burutaranen arabera, udal gobernuak lanean jarraitzen du Sarroeta eta Trinketeko xehekako ordenamenduan. Martuteneko futbol zelai berria, esaterako, Zapiainen egingo dute.