Mediterraneoko Llauten Espainiako Txapelketan parte hartuko du Donostiarrak
Mediterraneoko Llauten Espainiako X. Txapelketan parte hartuko du Donostiarra Arraun Elkarteak. Malagan jokatuko dute lehia, maiatzaren 24an eta 25ean. Ez da harritzekoa Donostiarrako arraunlariek berriro ere lehian parte hartu nahi izatea, izan ere, iaz lehen aldiz parte hartu zuten, eta irabazleak izan ziren. Zortzi arraunlarik eta patroiak osatzen dute llauta, eta traineruaren antzekoa da, baina zabala eta pisutsua.
Tarragonan jokatu zuten iaz txapelketa, eta 60 ontzi baino gehiagok parte hartu zuten hainbat mailetan banaturik. Donostiarrak 5 minutu eta 41 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko; eta Badalona geratu zen bigarren postuan, 5 minutu eta 47 segundorekin. Andoni Saizar aritu zen patroi lanetan, eta arraunlariak, berriz, honakoak izan ziren: Iñigo Galdos, Iñigo Collazo, Niko Yurramendi, Aitor Aranegi, Jon Sardon, Jon Urretabizkaia, Unai Elizasu eta Ekain Iriarte.