Astelehenean irekiko dute musika udalekuetan izena emateko epea
Ekainaren 23tik abuztuaren 29a arte egingo dute Udan Musikaz Blai jarduera. Hiru eta 12 urte bitarteko haurrentzako musika eskaintza da, eta Udal Musika eta Dantza Eskolan egingo dituzte saioak.
Izena emateko epea astelehenean, maiatzak 12, irekiko dute, eta aste bakoitzeko 120 plaza eskainiko dituzte. Haur bakoitzak aste bat baino gehiagotan izena eman dezake, eta asteko egonaldiak 40 euro balioko du.
Musika eskolaren egoitzan edo musikoporrak@gmail.com helbidean eman daiteke izena.
Musika Udalekuen ordutegia 9:30etik 13:30era izango da, baina horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute doan, 8:00etatik 9:30era, eta 13:30etik 14:00etara.
Jarduera honetan Musika eta Dantza eskolatik atera gabe, munduan barrena bidaiatzeko aukera eskainiko diete haurrei. Izan ere, aste bakoitzean lurralde bati lotutako unitate didaktiko bat garatuko dute. Lurralde horretako kantuak, dantzak, jolasak, eskulanak, marrazkiak… landuko dituzte, eta ziklo bakoitzaren amaieran emanaldi bat eskainiko dute familiek ere haurren lanarekin goza dezaten.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Musikoporrak.com atarian aurki daiteke.