'Gauza politen azoka' egin dute bigarren aldiz, Kursaalen
Apirilean egin zuten lehen aldiz The Sunday Market, edo Gauza politen merkatua Donostian. Lortutako arrakastaren ondoren, jarraipena eman diote, eta hileko bigarren igandeetarako jarri dute hitzordua.
Hala, gaur egin dute bigarren aldiz azoka, Kursaalen. Londres, Berlin edo Amsterdamen egin ohi den moduan, 12:00etatik 19:00etara egingo dute merkatua, eta denetarik ikusi eta erosi daiteke bertan. Apaingarriak, altzariak, vintage arropa, betaurrekoak, liburuak, bitxien diseinua, tartak, cupcake-ak, xarma handiko dendetako produktuak, artisau produktuak, loreak, jantziak eta beste hainbat bitxikeria ere topa daitezke bertan, zuzeneko musikarekin girotzen dutelarik aretoa.
Marka edo denda txikiek euren izena eta produktuak ezagutarazteko aukera ona da azoka hau, eta Kursaalen zebilen joan-etorria ikusirik, erosketak egin edo besterik gabe ikusmiran ibili nahi duenarentzat ere, ez da aukera txarra.








