Argazki rally batekin ospatuko dute Museoen Nazioarteko eguna datorren asteburuan
Museoetako egitaraua
Maiatzaren 18an da Museoen Nazioarteko eguna, eta egun horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte Donostiako museoetan. Hala ere, puntukako jarduerez gain, aurten argazki rally bat antolatu dute Donostiako Museoen Sareko kideek.
Museoen bildumek sortutako loturak da aurtengo egunaren leloa, eta horri jarraiki, “sarritan edukiontzi soil gisa hartzen dugun arkitekturari erreparatu nahi izan diogu, gure museoak dauden eraikinei protagonismoa emanez”, esan du Nerea Izagirre, San Telmo Museoko Hezkuntza arloko arduradunak.
Argazki rallya
Lehiaketa bi fasetan garatuko da eta bi kategoria izango ditu. Bat 14 urte artekoentzat eta bestea, 15 urtetik gorakoentzat.
–Lehenengo fasea maiatzaren 15etik 18ra egingo dute. Lau egun hauetan zehar, parte hartzaileek gutxienez sarea osatzen duten hiru museoetako argazkiak atera beharko dituzte. Kasu honetan balorazioa egiteko epaimahaia museoetako ordezkari banak eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkari batek osatuko dute.
Sariak ematerako orduan, argazki onenaren saria eta museo bakoitzeko argazki onena sarituko dituzte; guztira zazpi sari beraz.
-15 urtetik gorakoentzako sariak:
Argazki onenaren egilearentzat Bokadon bi lagunentzako otordu bat. Eta museo bakoitzeko argazki onenarentzat sarea osatzen duten museo guztietarako sarrera bikoitza.
-14 urte artekoentzako sariak:
Argazki onenaren egilearentzat opari sorta bat: Donostiako Museoen sareko motxila eta pendrivea, Errealaren kamiseta jokalariek sinatuta, Eureka! Zientzia Museora urtebeteko haur abonua, Aquarium-eko materiala, San Telmoko materiala. Museo bakoitzeko argazki onenaren egilearentzat, berriz, museo bakoitzerako sarrera hirukoitza.
-Rallyaren bigarren fasea Olatu Talkaren programazioaren barnean kokatu dute. Ekainaren 1ean egingo dute. Izan ere, aukeratutako argazkiak Ziklobian jarriko dituzte ikusgai, Martuteneko eskolan, eta bertatik pasako diren herritarren bozketaren bitartez erabakiko da zein den argazki irabazlea.
Kasu honetan, saria Bokadon bi lagunentzako otordu bat izango da.
Argazki rallyan parte hartzeko Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izena eman behar da. Gaurtik ostirala arte, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:30era.
[box]
- San Telmo Museoa
- Museum Cemento Rezola
- Ontzi museoa
- Eureka! Zientzia Museoa