Bera Bera Eskubaloiari harrera egin dio aldundiak
ABF Ligako txapelduna izendatu da talde donostiarra, larunbatean Mar Alicanteri 33-18 irabazita.
Oraindik azken partida jokatu behar duen arren, Bera Bera Eskubaloia ABF Ligako txapelduna da jada. Izan ere, larunbatean Mar Alicanteri 33-18 irabazi zion talde donostiarrak, eta bertan zegokion kopa jaso zuen, Bidebietara hurbildutako zale guztien aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera egin die taldekideei, gaur eguerdian. Bera Beraz gain, azkenaldian arrakastak lortu dituzten kirolari gehiago ere omendu dituzte: Ibarra Sokatira Taldea, Munduko Txapelketan brontzezko domina emakumezkoen eta gizonezkoen mailan lortzeagatik; Dasnel Gonzalez, Espainiako Judoko txapelduna; eta Iñigo Peña Arriola, Piraguismoko Munduko Kopan, K4 modalitateko 1.000 metroetan urrezko domina lortzeagatik.
Sekulako denboraldia osatu du Bera Bera Eskubaloiak. Iazko denboraldian, hiru lehia garrantzitsuenak eskuratu zituen, ABF Liga, Kopa eta Superkopa; 2013-2014 denboraldian, berriro errepikatu ditu hiru garaipenak, eta horretaz gain, Euskadiko Kopa ere lortu du. Gainera, Europako Txapeldunen Ligan parte hartu du Bera Berak, eta datorren urtean ere ere bertan jokatzeko aukera izango du, Liga irabazteari esker.
Erraz esaten da, baina lorpenak iritsi aurretik, sufrimendua igaro behar izaten da, eta Bera Berako jokalariek ederki izarditu dute kamiseta aurten ere. Gainera, kontuan izan behar da, taldekide justuekin jardun dutela, eta lesioek ere ez dietela atsedenik eman. Edonola, irribartsu agertu dira gaur taldekide guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzara. “Pozik nago. Kontuaz askotan hitz egin genuen arren, partida bukatu zenean ez nintzen gertatzen ari zenaz konturatu. Orain, egunek aurrera egin ahala, eta halako ospakizunekin, momentua berriro bizitzen duzu eta baita egindako lana”, aipatu die komunikabideei Imanol Alvarez entrenatzaileak. Hainbat urteren ostean Reyes Karrerek taldearen gidaritza utzi ostean, lehen denboraldia osatu du Alvarezek entrenatzaile postuan, eta oso argi dauka merezitako garaipenak lortu dituela taldeak. “Jardunaldi bakarra falta da Liga bukatzeko eta bi partida bakarrik galdu ditugu, beraz, merezita irabazi dugula uste dut”, gehitu du Alvarezek. Bera Berarekin adostu beharko du orain Alvarezek ea datorren denboraldian ere taldea zuzentzen jarraituko duen.
Matxalen Ziarsolo taldeko kapitanarekin hitz egiteko aukera ere izan du IRUTXULOKO HITZAk. “Nik uste dut denok genuela buruan irabazi behar genuela eta irabaziko genuela, ezin geniola etxean irabazteko halako aukera bati alde egiten utzi, baina partida hasieran agian urduritasuna nabaritu zitzaigun. Gero, Bidebietan bildutako giroa ikusita asko poztu ginen, eta horrek ere indarra eman zigun azken zatian”, azaldu du Ziarsolok. “Polita izan zen garaipena gure zaleekin ospatzea eta kopa han jasotzea”, gehitu du kapitainak. Azken batean, orain Liga bukatu eta atseden hartzeko garaia izango dute. “Denboraldia luzea egin zaigu betiko moduan, partida bat geratzen zaigu eta gogoz gaude bukatu eta oporrak hartzeko”.
Aldundiak egindako harreran, omendutako kirolariek artista gipuzkoarrek egindako koadro bana jaso dute opari; Bera Berak, bere aldetik, larunbateko ospakizunean ateratako talde argazkia oparitu dio aldundiari. Fernando Diez Bera Berako presidenteak hitza hartu du ekitaldian. “Berriro ere talde hau oztopoei aurre egin eta garaipen berriak lortzeko gai izan da”, aipatu du Diezek. Kote Olaizola ere gogoan izan du : “Halako egun batean, duela bi urte, niretzako eta Bera Berarentzat oso garrantzitsua izan zen pertsona batek utzi gintuen. Faltan botatzen jarraitzen zaitugu, Kote”. Horretaz gain, klubaren egoera ekonomikoa ere gogoratu du Diezek eta aurrera egiteko Gipuzkoako enpresa pribatuen languntza beharko dutela aipatu du.