Hiriko segurtasun neurriak handitzeko eskatu du PSE-EEk
Sozialisten arabera delinkuentzia kasuak ugaritu egin dira Donostian. Lapurretak, indarkeriazko erasoak eta bestelako delitu txikiak nabarmen igo direla salatu dute. Ondorioz, gaia aztertu eta arazoa konpontzeko segurtasun neurri gehiago hartzeko eskatu dute.
Hurrengo udalbatzarrera eramango dute gaia, udal gobernuaren asmoez galdetzeko.
Enrique Ramos, zinegotzi sozialistak hainbat datu eman ditu. Datu horien arabera, etxeetako lapurretek %122 egin dute gora, eta autoen lapurretek %100. Indarkeriazko erasoak, berriz, %27,3 ugaritu omen dira, eta lapurreta txikiak, %6.
Ramosek datu hauek gainerako hiriburuetako datuekin alderatu ditu; Bilbo eta Gasteizen adibidez, mota hauetako gertaeren hazkundea ia hutsala dela nabarmendu du.
Euren kezka adierazteaz gain, neurri zehatzak hartzeko eskatu dute sozialistek. Delinkuentzia kasuekin batera, beste bi gai ere eramango dituzte sozialistek hurrengo udalbatzarrera. Maiatzaren 1ean Egian gertatutako kale istiluen nondik norakoak jakin nahi dituzte batetik, eta Nafarroa Beherea plazako segurtasun falta argitzea ere eskatuko dute.