Jose Luis Arrue, PPko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
2013ko diru kontuak izan ditu gaur hizpide Jose Luis Arrue, PPko zinegotziak. Bihar egingo dute Zerbitzu Orokorreko bilera, eta han eztabaidatuko dute gaia.
Udalaren egoera ekonomikoa ona dela adierazi du Arruek; zorra gutxitu dela aitortu du, eta hori oso positiboa dela nabarmendu du. Hala ere, kezkatuta agertu da udalak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu defizitarioak direlako.
Iazko datuen arabera, defizita sortu zuten zerbitzuen artean, Zuloaga haur eskola (860.000 euro), garabia (580.000 euro), hondartzak (335.000 euro) eta aterpeen (490.000 euro) kasuak nabarmendu ditu.
Udal zerbitzuak ez direla dirua irabazteko esan du, baina kudeaketa hobetu behar litzatekeela uste du Arruek; “urtetik urtera zerbitzu hauek sortzen duten zuloa handiagoa da”, esan du zinegotzi popularrak. Defizita gutxitzeko kontrola handitzea eta kudeaketa hobetzea proposatu du.