Zuzeneko musikaren "olatua" auzoetaraino iritsiko da
https://www.youtube.com/watch?v=_FM5IfzAJzY&feature=youtu.be
Talkalive musika zirkuituak ehun kontzertu inguru eskainiko ditu, maiatzaren 23tik eta 25a bitarte.
Olatu Talkaren baitan antolatzen den musika zirkuitua da Talkalive. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta ia ehun kontzertuk girotuko dute hiria, maiatzaren 23tik 25era. Hiriko erdiguneaz gain, auzoetan ere zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da, ohiko zein “ezusteko” espaziotan.
Talkalivek Olatu Talkaren ardatzak (kalekoa, parte hartzailea, eraldatzailea, amateurra) jarraitzeaz gain, bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, aldaketa formal bat gertatzea bilatzen dute, hau da, zuzeneko kontzertuak arautzen dituen legedian aldaketa bat sortu nahi dute. Bestetik, aldaketa kultural bat beharrezkoa dela azpimarratu dute: “Europan dagoen zuzeneko musika kultura hori geureganatu nahi dugu, musika nonahi zilegi izatea eta horren gainean jendea sentsibilizatzea”, azaldu du Xabier Cañas Donostia Kulturako kideak.
Hortaz, jaialdia lurralde osotik etorritako musika estilo anitzetako talde amateurrentzat bozgoragailu izango da. Ehun kontzertu inguru eskainiko dira, eta musika edonon topatzeko aukera egongo da. Izan ere, kontzertuak askotan egiten diren guneez aparte, ezusteko eta ohikoak ez diren lekutan ere egingo dira: optika batean edo okindegi batean, esate baterako. Gainera, Donostia inguruan ere eragina izateko, Zarautz, Hernani edota Getaria bezalako herrietara Talkalive iritsiko da.
Kontzertuen eskaintza ezagutzeko, sakatu hemen.
Olatu Talkaren produktuak
Groseko Miner dendan egindako agerraldian Olatu Talkaren inguruan zenbait produktu diseinatu dituztela azaldu dute. Irudi grafiko berrian oinarrituta, poltsa, kamiseta eta jertseak egin dituzte. Produktu guztiak hainbat formatu eta koloretan eskainiko dituzte, eta ale kopurua mugatua da.
Produktuak erosi nahi duen edonork, Olatu Talkaren atarian egin ahal izango du, edota jaialdiaren egunetan ere eskuratzeko aukera egongo da, 2016 Gunearen beheko solairuko informazio gunean.