Errepideko Hezkuntzaren karabana Saguesen da
http://youtu.be/2_tdPmG69gk
Mapfre Fundazioko Errepideko Segurtasun sailak Donostian ezarri du Errepideko Hezkuntzaren karabana. Bertatik Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko ikasleak pasako dira, haur eta gaztetxoek errepideko oinarrizko araudia ezagutu dezaten.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak azaldu du ekimen honek Donostiako udalarekin pentsamoldearekin bat egiten duela. “Umetatik araudia eta gainontzekoei errespetatzen jakiten badugu, etorkizunari begira aurrerapauso bat emango dugu”. Honela, denon “segurtasun eskubidea” bermatuko dugula nabarmendu du Albizuk. Donostiako Mapfreko bulegoko zuzendari Patxi Alzugurenek errepideetan gertatzen diren ezbeharren kopurua murrizteko eta elkarbizitzarako haurrak hezi behar direla esan du.
Hortaz, Saguesen ezarri duten karabanan, hiru jarduera egiteko aukera izango dute ikasleek: ikasgelara joango dira lehenengo, zenbait arau eta errespetua landu ditzaten; ondoren, ikasitako hori praktikan jartzeko, batzuk zirkuitura pasako dira, eta beste batzuk tablet batzuen bitartez ariketak egingo dituzte. Gaurkoan, Axular Lizeoko 5. eta 6. mailako gaztetxoak guztira 45 minutu inguru irauten duen jarduera burutu dute. Karabana barruko ikasgelan 20 minutuko eskola jaso ondoren, egunerokoan gurasoekin errepidean gertatzen zaizkien pasadizoak kontatu dituzte, eta semaforo laranjaren inguruko zalantzak argitu ere.
Bestakde, bizikletan kaskoa eraman beharraren arauari buruz hitz egin dute, segurtasunagatik ezinbestekoa dela nabarmenduz. Begiraleak aitortu du haur gehienek dagoeneko araudia ezagutzen dutela, eta jarduera honek dakiten hori errepasatzeko eta indartzeko balio duela. Zirkuituan zenbait ikaslek gidariaren rola jokatu dute, eta beste batzuk oinezkoena. Egitasmoan gogotsu hartu dute parte, eta esperientzia “polita eta dibertigarria” izan dela azaldu diote IRUTXULOKO HITZAri.
Errepideko Hezkuntzaren karabana ostiral arte egongo da Saguesen, eta antolatzaileek 1000 ikasle inguru bertaratzea espero dute.

