Illunbera iristeko bide berriak egingo dituzte
Illunberen balizko erosleek eskatzen duten baldintzetako bat inguruak lotura hobeak izatea da, eta bide horretan pauso berri bat eman dutela adierazi du Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak.
Illunberako proiektu berri bat zehaztu dute. Proiektu horren arabera, Irunera doan errepidetik saihesbide berri bat aterako da, Tolosa eta Zarautz aldetik datozenek zuzeneko sarrera bat izan dezaten Illunbera.
Bestalde, Anoetatik ospitaleetara igotzeko errepidean, biribilgune bat egingo dute, eta baita errail berri bat ere, trafiko arazoak saihesteko. Bide berri horretan larrialdietako zerbitzuek eta garraio zerbitzuek izango dute lehentasuna.
Azkenik, errotonda berri bat egingo dute Poliklinikako errepide zaharrean. Illunbetik biribilgunerainoko bidea goranzko norabide bakarrekoa izango da. Honekin irteerak erraztu eta sarrerak ez oztopatzea lortu nahi dute.
Hirigintza zinegotziak gogora ekarri duenez, “urte luzez ez aurrera eta ez atzera egon den gai bat konpontzeko ahaleginean” ari dira. Proiektua prest dute, eta balizko erosle guztiekin bilduko dira, salmenta errazteko asmoz. Burutaranek onartu du “Illunbe amesgaizto bat” bihurtu dela donostiarrentzat, eta guztira 35.000 metro koadroko eremuagatik 19 milioitik gora jasotzea espero dute.
Lanen aurrekontuari dagokionez, hasiera batean 3,5 milioi euro aurreikusten baziren ere, azken aurrekontua 2,9 milioi eurotara murriztu dutela zehaztu du Burutaranek. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak zortzi hilabeteko epea izango du hiru moldaketak egiteko. Gainera, enpresak errepide berriak egiteaz gain, oinezkoentzako loturak ere egin beharko ditu. Oinezkoentzako bideen zabalera bikoizteaz gain, igogailuak edo bestelako elementu mekanikoak jartzeko ardura izango du.
Irisgarritasuna
Illunberen irisgarritasuna hobetuta, “ikusgarriagoa” bihurtuko dela uste du Burutaranek, eta erosleen interesa ere areagotzea espero du. Bi eskaintza egin ditzakete Illunben, bi lursail ezberdinetan erregistratua baitago. Eta erosteko aukerak ere ezberdinak dira, biak batera edo banaka eros baitaitezke; “aukera guztiak mahai gainean” daudela esan du Burutaranek.
Lanei dagokionez, oraindik ez dute zehaztu errepide berriak Illunbe saldu aurretik egiten hasiko diren, edo behin salmenta egindakoan egingo dituzten.



