Nekane Burutaran: "Donostia hiribururik seguruena da"
Ika mika sortu da hiriko delituen kopurua handitu dela zabaltzean, baina Nekane Burutaran, Babes Zibileko zinegotziak gezurtatu egin ditu datu horiek.
Udal gobernuaren datuen arabera, etxebizitzetan egindako lapurreten salaketek, adibidez, behera egin dute urteko lehen hiruhilekoan; iaz 77 salaketa jarri zituzten eta aurten, epe berean, 72 salaketa.
Delitu mota honen kudeaketa Ertzaintzari dagokiola adierazi du Burutaranek, nahiz eta Udaltzaingoak ere plan bat baduen abian Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailarekin batera.
Babes Zibileko zinegotziak esan du ez duela ezagutzen zeintzuk diren Barne Ministerioak delitu mota hau hazi dela dioten datuen iturriak; “Donostiako Udaltzaingoak ditu hiriko benetako datuak, eta Udaltzaingoari inork ez dio daturik eskatu; Ministerioak emandako datuak ez datoz bat”, esan du Burutaranek. Gainera, “informazio hau badaukate oposizioko taldeek eta badakite Donostia EAEko hiriburu seguruena dela, Segurtasun sailburuak berak onartuta, 2013ko Ertzaintzaren datuek dioten bezala”, nabarmendu du zinegotziak.


