Ramon Ruiz Cabestanyren sorkuntza txikiek bete dute Ekain arte galeria
Artista nafarrak 40 eskultura inguru bildu ditu Parte Zaharrean jarritako erakusketan.
Eskultura txikiz bete da Ekain Arte Lanak galeria. Izan ere, Ramon Ruiz Cabestanyk bere lan bitxiak eraman ditu Parte Zaharreko galeriara, erakusketa polita osatuz. Zehazki, gizakia protagonista duten eskulturak egin ditu artista nafarrak; eta guztietan pertsonaia txikiak naturaren edo leku baten aurka eginez azaltzen dira. “Denek dute historia bat, eta agian batzuk ulertzeko zailagoak izan daitezke”, azaldu du Ruiz Cabestanyk. Hirugarren aldiz zabaldu du Ekainen erakusketa bat Ruiz Cabestanyk, 2002an eta 2005ean ere egon baitzen.
Egiturari eta materialari garrantzia handia ematen die Ruiz Cabestanyk, eta bere sorkuntzak kolorerik gabekoak dira. Zehazki, zeramika, buztina eta gresa erabili ditu eskulturak egiteko, material gogorrak, eta ez die esmalterik eman. Hala, sinpleak bezain orijinalak diren sorkuntzak osatu ditu Cabestanyk. “Nire bizitzan halakoa naiz. Merkeak eta sinpleak diren gauzak egitea gustatzen zait, baliabideen ekonomia erabiltzen dut. Bizitzaz gozatu nahi izaten dut, beraz, esfortzuak ere neurri jakin batean egiten ditut”, azaldu du artistak. Azken batean, lan txikiak egin dituen arren, tamaina handikoak ere izan zitezkeela dio. “Monumentuak izan zitezkeen. Plaza handi batean edo parke batean egon zitezkeen eskultura hauek, baina horrela, zure etxeko txoko batean izan ditzakezu. Agian gutxiagotasun konplexuren bat izango dut halako gauza txikiak egiteko, baina hori psikoanalistaren bati galdetu beharko genioke”, gehitu du barre artean. Lan guztiek umore ukitu bat, pertsonaiak eskulturan barneraturik baitaude. “Lan prozesua oso inprobisatua izan da, hala ez dirudien arren. Gehienetan, gizakia ohiko egoeretan ikus daiteke, beldurrarekin, esfortzuekin, orekarik ezarekin eta ekintza zentzugabeekin lotuak daudenak. Umorea baino gehiago ironia interesatzen zait, eta hori erabiltzen saiatzen naiz”.
Ruiz Cabestanyren esanetan, eskulanak dira bere sorkuntzak, ia ez baitu erramintarik erabiltzen bere lan prozesuan, ez bada kolpatzeko zerbait. Lan guztiak bakarrak dira, eta salgai egongo dira, 450 eta 650 euro arteko prezioan.
Erakusketa bihar irekiko dute, 19:30ean, eta ekainaren 21a arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera (Iñigo kalea, 4). Sarrera doakoa da eta honako ordutegian egongo da zabalik: 11:30etik 13:30era eta eta 17:30etik 21:00etara.