Kontzertu magikoa
Ez gara inoiz nekatuko atzoko kontzertuagatik eskerrak emateaz. Zoragarria izan zen. Mundiala, ederra, hunkigarria, intimoa. Luxuzko emanaldi bat izan zen. Luxuzkoa eta oso berezia, Udal Liburutegi Nagusiko kriptan ez baita ohikoa kontzertuak egitea, eta atzo Irutxuloko Hitzaren aldeko emanaldira etorri zirenek areto txiki honetan musikaz gozatzeko aukera polita izan zuten.
Usoa Arbelaitz kazetariak egin zuen emanaldiaren aurkezpena, eta ikusleei azaldu zien Iker Laurobaren eta On taldeko Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegasen proiektu berriak ezagutuko zituztela zuzenean. Irutxuloko Hitzaren aldeko kanpainaz ere hitz egin zuen, noski. Eta Irutxuloko Hitza zaleen hurrengo hitzordua zein izango den iragarri zuen. Eskuz binakako partida mundiala! Mikel Goñi eta Elola eta Beloki II eta Gorrotxategi. Ekainaren 15ean, Ibaetako frontoian, 12:30ean.
Momentu goxoz betetako kontzertua izan zen. Aretoa betetzea lortu ez bagenuen ere, pozik itzuli ginen etxera, bertan elkartutako lagunei emanaldi eder bat eskaini genielako eta gustura egon zirelako. Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegas izan ziren lehenak eszenatokira igotzen. Berez “rockeroak” direla aitortu zuten, baina akustikoan eta lasaiago ere asko disfrutatzen dutela. Eta ondoren Iker Laurobaren txanda izan zen. Bakarrik jo zuen lehendabizi, eta lagunez inguratuta ondoren: Eneko Sierra saxoan, Leire Berasaluze eta Fariba Sheikhan ahotsetan eta Karina Carmona txeloan.
Itsaso Gutierrez, Ekhi Vegas, Iker Lauroba, Eneko Sierra, Fariba Sheikhan, Karina Carmona, Leire Berasaluze, Usoa Arbelaitz, Joseba teknikoa, Ion Martinez eta emanaldira joan ziren Irutxuloko Hitza zaleei. Guzti guztiei ESKERRIK ASKO handi handi bat eskaini nahi diegu Irutxuloko Hitzako langileok.
[Gallery=158]