Realak zazpigarren postuan amaitu du denboraldia, Vila-realen aurka etxean galdu eta gero (1-2)
Realak porrot batekin esan dio agur Ligari, Vila-realen aurka Anoetan galdu eta gero (1-2). Seigarren postua zegoen jokoan gaurko lehian, eta, irabaziz gero, txuri-urdinek ere bosgarren postua Sevillari kentzeko aukera zuten. Esperantzak esperantza, donostiarrek seigarren postua galdu dute porrotarekin, eta Liga zazpigarren amaitu dute. Europan izango dira datorren denboraldian, baina atariko kanporaketak jokatuta; bi kanporaketa, hain justu, lehena uztailean. Hori dela eta, denboraldi aurrea goiz hasi beharko dute, sasoiko egoteko.
Realak ez du partida ona egin. Vila-realek 26. minutuan egin du lehen gola, Dos Santosen eskutik. Bigarren zati hasiera ona izan dute etxekoek, baina indarra berehala galdu dute. Honela gauzak, Vila-realek bigarren gola egin du, kontraeraso baten bitartez, Uchek baloia sareratu eta gero. Carlos Velak aldea murriztu du 92. minutuan, luzapenean, baina ez da gehiagorako denborarik izan.
Vila-realek seigarren postua merezita lortu du, Reala baino hobeto amaitu baitu Liga. Jagoba Arrasateren jokalariek berdinketarekin nahikoa zuten seigarren postua mantentzeko, baina bistan da lehertuta amaitu dutela denboraldia.


