Naiara Sampedro, Gazteria zinegotzia, Egiako bi herritarrekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Espazio bakarrean 0-11 urte arteko haurren beharrei erantzungo diete; haur gunea, goizez, eta haur txokoa, arratsaldez irekiko dituzte.
Ekainetik aurrera abian jarriko dute Egiako Haur gunea. 0 eta 5 urte bitarteko haurrek dituzten beharrei erantzun nahian guraso talde batek abian jarritako proiektua da. “Txikien errespetuzko garapena eta gurasoon bizipenak partekatzeko espazio baten beharra sentitu dugu. Hutsune hori ez da berria, aspalditik baitator elkartzeko premia hori, baina azkenik bilatu dugu espazio egoki bat”, esan du Biki Murua egiatarrak.
Egiako Haur txokoa erabiliko du Haur guneak. Berez, 5 eta 11 urte arteko haurrentzako da haur txokoa, baina baliabideak partekatuko dituzte. Hala, goizez haur gune izango da, eta arratsaldez, haur txoko. Momentuz, horrela hasiko dira, baina etorkizunean “egun guztirako aukera bat garatu” nahi dutela adierazi dute, Egiako gurasoek.
Udaleko Gazteria sailak onartu eta babesturiko egitasmoa da Egiako haur gune berria. Izan ere, udalak gurasoen konpromisoa baieztatu, eta eskaera horren atzean dagoen “asmo tinkoa” egiaztatu ondoren, proiektu hori bideratzeko baliabideak jarri ditu.
Intxaurrondo eredu
Hiriko bigarren haur gunea litzateke Egiakoa. Izan ere, Intxaurrondon antzeko egitasmo bat garatu zuten, Intxhaurgunea. Haren arrakata ikusirik, Egiakoak ere emaitza onak ematea espero du Naiara Sampedro, Gazteria zinegotziak, eta hiriko beste auzoei ere luzatu die erronka; “0-5 adin tartean bada hutsune bat, eta haur guneak irtenbide on bat izan daitezke, beraz, gainerako auzoetan ere behar hori balego, egoera aztertzeko prest dago udala”.
Egiako egitasmoa
Proiektua abian jartzeko batzorde bat sortu dute Egian. Dagoeneko badira 10 elkartu diren familiak, eta bilerak egiten hasi dira Haur gunea definitzeko. Astearte eta ostiraletan bilduko dira, beraz proiektuan parte hartzeko interesa duenak egun horietan haur txokora gerturatzea besterik ez du.
Haur guneko erabiltzaile izateko batzordeko kide izatea ezinbestekoa izango da, oinarrizko kuota bat ordainduz. Gainera, proiektuaren aurkezpenean egon diren gurasoen esanetan, “haur gunea ez da haurtzaindegi bat; haurrak norbaitekin egon behar dute beti, eta antolaketa guk geuk kudeatuko dugu, beraz konpromiso pixka bat ere beharrezkoa izango da”.
Guztia ondo antolatu ondoren, irailean hasiko da Egiako haur gunea zerbitzua eskaintzen, asteartetik larunbatera, goizez.