Irutxuloko Hitzak Olatu Talkan bere txokoa izango du, Hartu Hitza izeneko postuan, maiatzaren 25ean.

Olatu Talkan parte hartuko duten zenbait eragilek argazki erraldoi bat atera dute. (Argazkia: Donostia 2016)
Bagera Elkarteak, Irutxuloko Hitza eta Gaztezulorekin batera, Olatu Talka jaialdian parte hartuko du. Easo plaza
Euskararen plaza bilakatuko da, eta euskararen erabilera sustatzeko hainbat lantegi egingo dituzte, maiatzaren 25ean, 11:00etatik 14:00etara. Irutxuloko Hitza horietako postu batean egongo da,
Hartu Hitza izenekoan, hain zuzen ere.
Hartu hitza postura hurbiltzen direnek, astekariaren azalaren eredua erabiliz, Irutxuloko Hitzaren portada bat egiteko aukera izango dute. Hedabidean lan egiten duten kazetarien laguntzarekin, bakoitzak bere azala diseinatu ahal izango du, eta oroigarri gisa bere etxera eraman. Zer gustatuko litzaizuke Donostian gertatzea? Zer albiste idatziko zenuke astekariaren azalean? Edonork parte hartu dezake. Eragin buruari eta
hartu Hitza!
Irutxuloko Hitzak izango duen txokoaz gain, Easo Plazan egingo den
Euskararen plazan beste hainbat lantegi ere eskainiko dituzte:
- Hitzen bilduma: arbel baten bidez, euskarazko hitz berriak sortzea edota ahaztutakoak berreskuratzea da helburua, hitz eta definizioak biltzen dituen liburuxka bat egiteko.
- Bazen behin…: Irutxuloko Hitzaren astekari zaharren aleak erabiliz, ipuin bat osatzea du xede.
- Euskarak 365 egun: lelo honekin hamabost panel dituen euskarria jarriko dute bata bestearen jarraian. Pasatzen den jendeak panelek dituzten lehiotxoetan euskararen inguruan zerbait idazteko aukera izango dute.
- Koloreen aniztasuna: mahai batean koloreetako likidoa duten edalontziak jarriko dituzte; bertatik pasatzen den jendeari eleanitzak edo elebakarrak diren galdetu eta, erantzunaren arabera, kolore bat aukeratzeko eskatuko diete. Galdeketa honek beste hainbat jarduera egiteko aukera emango die.
- Tenderetea: plaza zeharkatuko duen soka bat jarriko dute jendeak euskararen inguruan burura etortzen zaizkion esaldiak idatzi eta bertan zintzilikatzeko.
250 jarduera baino gehiago
Hiru egun besterik ez dira falta “hiria hankaz gora” jartzeko. Olatu Talkako antolatzaileak “urduri samar” daudela aitortu dute gaur goizean 2016 Gunean egindako prentsaurrekoan.”Aurtengo edizioak proposamen ugari jaso ditu, eta sei hilabetez lan egin ondoren, 250 jardueretatik gora izango ditugu”. Hala ere, oraindik Olatu Talkan parte hartzeko aukera dago. Garbibai, Culinary market show edo Sukaltalkan i
zena eman daiteke.
Aurtengo jarduera kopurua kontuan hartuta, antolakuntzak gai arlotan sailkatu ditu, herritarren gehien interesatzen zaizkienetara sarbidea errazte aldera. Zuzeneko musika (Talkalive); gastronomia eta aniztasuna (Sukaldanitzak); teknologia berriak (Hackathon); hirigintza (Haurbanistak); infusioak, hau da, profesional eta amateurren arteko lankidetzak; eta mugikortasuna (Ziklobia). Bestalde, egitarauak toki zehatzetan lokalizatuko diren beste zenbait arlo tematiko ere hartzen ditu barne: zinea (2016 Gunea), arte eszenikoak (Errege Katolikoak), tailerrak eta merkatuak (Bilbao plaza), komunikazioa (Okendo plaza), kirola (Katalunia plaza / Sagues), elkartasuna (Cervantes plaza) eta arte plastikoak (Gipuzkoa plaza). Horiek guztiak hiriko erdialdetik haratago joango dira, eta auzoetan ere jarduerak egingo dituzte.
Jaialdiari amaiera emateko, igandean, maiatzak 25, Olatu Talkan parte hartu duten mila lagun baino gehiagok bazkari bat egingo dute, Easo kalean.
Bertakoa jan, osasuntsu bizi lelopean, kultura bazkari erraldoi honek tokiko produktuak balioan jarriko dute eta parte hartzaileen arteko elkarrizketa sustatuko dute.
Jaialdia interneten
Olatu Talkak bere espazio birtuala ere izango du. Izan ere, internet bidez jaialdiaren jarraipena egin ahal izango dute herritarrek. Olatu Talkaren atarian, jarduera bakoitzaren informazioa, azken orduko aldaketak eta egitaraua kontsultatzeko aukera izango dute.
Bestalde, Facebook, Twitter eta Instagram bidez ere jarraipena egin daiteke. Aurten, gainera, Instagrami esker, lehiaketa bat antolatu dute. Argazkilari zaleei bi gai ezberdin proposatuko dizkiete: bata, Donostia hiria, eta bestea, Olatu Talka jaialdiaren jarduerak, betiere,
Astindu hiria!!! jaialdiaren esloganarekin loturiko ikuspegi ezberdin bat eskainiz. Ekainaren 5ean bi argazki aukeratuko dira, gai bakoitzeko bat, eta saritzat bi lagunentzako bi afari emango dira, bata Petritegi sagardotegian, eta bestea Lizeaga sagardotegian.
Olatu Talka, Donostia 2016ren kultur proiektuaren parte da, 2010ean herritarren energia islatzeko eta 2016 urtea irudikatzen hasteko helburuekin jaiotako jaialdi parte-hartzailea da. Hortaz, parte-hartzearen eta kultura eta ezagutza partekatzearen alde egiten duen ekimen bat da. Jaialdi amateur honek ekarpenen bat egin dezaketen lagun guztiak agerian jartzea du helburu, eta kulturaren bidez gizartea eraldatzera gonbidatzen ditu herritarrak.
2014ko egitaraua kontsultatzeko, sakatu
hemen.