Gaztañaga eta Zaldua Realeko lehen taldeko jokalariak izango dira
Harrobitik Lehen Mailarako jauzia emango dute andoaindarrak eta donostiarrak, datorren denboraldian.
Jon Gaztañaga andoaindarra eta Joseba Zaldua donostiarra Realeko lehen taldeko jokalariak izango dira datorren denboraldian. Harrobiko jokalariak dira biak, eta atzo jaso zuten albistea. Hala, Xabi Prietoz gain, beste jokalari donostiar bat izango du Realak, Joseba Zaldua egiatarra. Zalduak, gainera, 2018ko ekainera arte luzatu du bere kontratua Realarekin, orain arte zuena 2016an iraungitzen baitzen. “Denok amesten dugu lehen taldera iristearekin klubean sartzen garenetik. Nik lortu dut helburua, eta oso pozik nago. Egindako lanak merezi izan duela ikustea zorionekoa da”, adierazi du Zalduak. 2013-2014 denboraldian lehen taldean jokatu du Zalduak, baina Sanseko jokalaria izaten jarraitzen zuen. “Hamaika urterekin hona iritsi nintzenean ez nuen pentsatzen lehen taldera iristea, eta zorte onarekin lortu ahal izan dut”, aipatu du bere aldetik Gaztañagak. Biek ere argi dute oraindik asko dutela hobetzeko, baina lanerako gogoz daude.