Hiru hilabetean 32.000 litro olio birziklatu dira
Edukiontzi laranja erabiltzearen helburua bi urtean 368.000 litro olio biltzea da; donostiar bakoitzeko, bi litro.
Urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasieran jarri zituzten erabilitako olioa jasotzeko edukiontzi laranjak hirian; guztira 110 ontzi jarri zituzten, eta horietatik 28, egokituak.
Erabilera datuen arabera, olioa biltzeko sistema oso emaitza onak ematen ari da, gero eta olio gehiago biltzen delarik.
Bildutako olio kopurua:
Otsaila: 1.098 litro.
Martxoa: 14.414 litro.
Apirila: 17.215 litro.
Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia pozik agertu da datuekin; “Oso emaitza onak ari gara jasotzen. Donostiarrak erantzuten ari dira, eta jarritako helburuak betetzen ari gara. Olioa birziklatzea oso erraza izateaz gain, oso ona ere bada, biodiesela sortzen duelako, eta ingurumenarentzat hobea delako. Zero zabor norabidean jarri dugu Donostia, eta denon konpromisoarekin seguru nago hiri jasangarriagoa lortuko dugula”, esan du Galparsorok.
Edukiontziak Ekogras enpresak jarri ditu eta udalarentzat ez du kosturik zerbitzua eskaintzeak. Izan ere, biltzen duen olioa biodiesela sortzeko erabiliko du Ekograsek, eta hortik finantzatuko du zerbitzua.