Herritar bat bizikleta aparkatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Europa mailako TIDE (Transport Innovation Deployment for Europe) proiektuaren harira antolaturiko jardunaldiak dira datozen bi egunetan egingo dituztenak. Mugikortasuna lantzeko oinezkoen mesederako hartutako neurriak eta bizikletentzako aparkalekuak aztertuko dituzte, besteak beste.
Proiektuaren helburua mugikortasunaren inguruko neurri berritzaileak Europako hirien artean trukatzeko metodologia garatzea da. Horren baitan lantzen ari diren neurrien artean daude bizikletak aparkatzeko guneak sortzea autoentzako lurpeko aparkalekuetan, eta oinezkoentzako eremu lagunkoiak sortzea.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziaren arabera, oso positiboa da jardunaldiak Donostian egitea, “horrelako xehetasunek adierazten baitute mugikortasun iraunkorrari dagokionean ematen ari garen urratsak noranzko egokian emandakoak direla”.
Jardunaldiak Donostia 2016ren bulegoan egingo dituzte, Easo kalean. Biharko saioa arratsaldez egingo dute, 13:30etik 18:30era. Etzikoa, berriz, goizez, 9:00etatik 13:00etara.