San Bartolomeko eraldaketa erakusten duen maketa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalaren Gobernu Batzordeak hasierako onarpena emango dio ostiralean Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren San Bartolomeko aldaketari. Aldaketak hirigintza proiektua bideragarria izatea ahalbidetuko du.
San Bartolomeko eraldaketa blokatuta egon da 1991ko Plan Orokorra onartu zenetik. Izan ere, hainbat proiektu aurkeztu izan badira ere, ez zuten inguruaren ondarea babesten. Gainera, San Bartolomeren aldeko elkarteek Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten babes eske, eta onespena lortu zuten.
Oraingoan, udal gobernuak mahai gainean jarri duen proiektua “mugarri bat” izango dela adierazi du Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak. Era berean, “hiriko espazio publiko bat berreskuratzeaz gain, postal berri bat sortuko da, bertakoentzat nahiz bisitarientzat erreferentzia bihurtuko dena”, esan du Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak.
Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran, San Bartolomeri buruzko xehetasunak ematen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Plan Orokorra aldatzea luze joango dela onartu du Burutaranek, ohiko izapideek urte eta erdi behar izaten baitute gutxienez. Dena dela, aldaketak goialdeari bakarrik eragiten dio, eta egitasmoak aurrera jarraitzen omen du. Izan ere, eraiste lan batzuk egin dituzte dagoeneko, Arroka kalean esaterako. Aldapeta kaleko poliziaren eraikina ere hilabeteren buruan botatzea aurreikusi dute.
Auzon sortu diren behar berriei ere erantzuten ari direla adierazi dute udal teknikariek. Hala, 25 familia ingururi Morlanseko etxebizitzetan eman zaie ostatu. Lokalei dagokionez, batzuk ordainsaria jaso dute galdutako lokalaren ordainetan. Gainerakoak, 135 lagun inguru, auzo berriko etxebizitzak edo lokalak jasoko dituzte.
San Bartolomeren eraldaketa
San Bartolome muino ia guztia oinezkoentzako egokituko dute. Parke publiko bat, begiratoki bat, eta erabilera publikorako beste hainbat gune ireki izango ditu; 14.500 metro koadro gutxi gora behera, orain baino 3.000 metro koadro gehiago.
Gainera, “aitzineko ondarea errespetatuz” eraldatutako espazioa izango dela adierazi dute udal teknikariek. Aitzineko eliza baten arrastoak utziko dituzte agerian adibidez, eskailerak eta horma zatiak berreskuratuz.
Orain bainuetxea dagoen lekuan ere aldaketa nabarmena egingo dute. Bainuetxearen fatxada babestua Arroka plazara eramango dute, eta bere lekuan etxebizitzetarako zortzi solairuko eraikin bat egingo dute; behealdea, bost solairu eta hiru teilatupe izango ditu.
Hasiera batean eraikin berriaren altuera txikiagoa izatea aurreikusi zutela esan dute udal teknikariek. Baina zortzi solairukoa eginez, etorkizuneko hotelaren talaiaren maila berean geratuko da zorua, eta hala, kafetegi eremu bat egitea ahalbidetuko du.
Eraikin berri hau egiteko ez dute San Bartolomeko murrua ikutuko. Areago, eraikin berria eta murruaren artean igogailu bat jarriko dute herritarrak muinora igotzeko.
Murrua bera ere eraberritu beharko dutela aurreratu dute. Landaretza garbitu, ur filtrazioak konpondu eta garai bateko iragarki taula handiek sortutako kalteak konponduz, “harresi dotore, garbi eta seguru bat” egingo dute.
San Bartolome ingurua eraldatuko duten proiektuaren arabera, 516 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baita lau izarreko hotel bat ere. Dena dela, goialdean oinezkoek izango dute lehentasuna, ibilgailuentzako lurrazpiko aparkalekuak egingo baitituzte. Sarbideei dagokionez, Larramendi kalea igotzeko izango da soilik, eta Aldapetako malda jaisteko.