Bi bideo sarean jartzeagatik urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri diote Ander Albisu amaratarrari
Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Ander Albisuri (Amara, 1989), “terrorismoa goratu” izana egotzita. Duela sei bat urte ETA goratzen zuten bideoak Youtubera igo izana leporatu diote epaileek. Egun, 24 urte ditu gazteak, eta epaiketan adierazi zuen bere helburua euskal musikarien kantuak zabaltzea zela, baina, epailearen ustez, bideo horietan “borroka armatuaren publizitatea egiten ari da”.
Aurrekaririk ez duenez berez ez du kartzelara joan behar: “Orain egingo diogu eskaera epaileari kartzela zigorra suspentsoan jartzeko eta ikusiko dugu zer dioen”, adierazi dio Albisuk Irutxuloko Hitzari. Bederatzi hilabete dira Albisu Hong Kongen bizi dela. Milaka kilometro egin behar izan ditu bere aurkako epaiketan egoteko.
Irutxuloko Hitza-ri azaldu dio akusazioa Ertzaintzak bere aurka idatzitako eta Auzitegi Nazionalera bidalitako informe batzuetan oinarrituta dagoela. Bideoek bere baitan “ez dutela ezer berezirik” defendatu du Albisuk: “Interneten euskal gatazkari buruz edo beste hainbat gatazkari buruzko bideoak bezalakoak dira”.
Iazko uztailean Eloy Velasko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen, Madrilen. Joan den apirilaren 21ean epaitu zuten. Bere aurkako epaiketa “sasi-epaiketa” bat dela salatu du, eta gastu ekonomiko handia izan dela berarentzat. Beldurra sartzeko eta Interneten adierazpen askatasuna mugatzeko helburuarekin antzeztutako zirkoa izan dela uste du Albisuk.

