Burutaran: "Arte Ederren etorkizuna erabakitzea ez dagokio Udalari"
Ricardo Burutaran, Hirigintzan zinegotziaren arabera, oposizioa tematu arren, udalari ez dagokio Arte Ederren etorkizuna erabakitzea. Harrituta dago duela gutxi eraikina botatzearen alde zeudenek udalari “auzian inplikatzeko” eskatzen diotelako; “Zertara datoz 2016rako presa horiek, orain arte hotela egitea zen oposizioarentzako aukera onena eta orain, udalak eraikinaren jabetza lortzeko pausoak ematea nahi dute, erabilera kultural bat emateko”, esan du Burutaranek.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia ona dela uste du hirigintza zinegotziak, “Udalbatzaren babesik gabe ere, beti defendatu izan baitugu Arte Ederrak ez botatzearen aldeko jarrera”. Dena dela, Kultur ondare izendatzeak zehatz mehatz zein ondorio izango dituen aztertu beharko dutela esan du Burutaranek, eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zain geratu beharko dutela.
Eraikinaren erabilerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak zehazten duen babes maila aztertu beharko dela esan du Hirigintza zinegotziak. Dena den, kultur ondare izanik, erabilera kulturala ematekotan Burutaranen arabera, “Eusko Jaurlaritzari dagokio lehen pausoa ematea eta bestela ere, jabeen ardura da izendapenaren ondoren nola jokatu erabakitzea”.
Izan ere Kultur Ondare izendatzeak eraberritze lanen ardurak banatu egiten ditu. Jabeek gastuen portzentaia bat ordaindu behar dute, eta eraberritzeak portzentaia hori gainditzen badu, Jaurlaritzarena edo Aldundiarena litzateke ardura, azken hau baita ondarearen gaineko eskumena duena.
Burutaranek ez du Arte Ederren eraikinaren jabetza lortzearen inguruko asmorik azaldu; “badira erabilera kulturala ematen zaien hainbat eraikin, ez da formula berria”.
Eraikinaren egoera
Arte Ederren eraikinaren egoerari dagokionez, Burutaranek adierazi du eraikina ez dagoela erortzeko arriskuan, ezta gutxiago ere. “Udal teknikariek aztertu dute eraikina, eta segurtasunagatik elementu batzuk konpondu behar badira ere, eraikinaren egiturak ez du arriskurik”

