Gasco: "Zertarako behar du Donostiak babesturiko eraikin bat, ezin bada erabili?"
Sozialisten ustez Jaurlaritzaren erabakiak egoera aldatzen du. Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramilearen esanetan, “babes maila gorena jarri digute mahai gainean, eta horrek ondorio bat izango du”. Dena dela, sozialistek ez dutela besoak gurutzatuta geratzeko asmorik adierazi dute Ernesto Gasco eta Marisol Garmendia zinegotziek. Areago, “etor zitekeena aurreikusiz” denbora daramatela adierazi dute Arte Ederren inguruko eragile, jabe eta teknikariekin lanean, “adostutako irtenbide bat” bilatu nahian.
Horregatik, egoera aldatu arren, lehengo asmoari eusten diotela esan dute sozialistek. Hau da, eraikinari erabilera bat eman behar zaiola uste dute; “Zertarako behar du Donostiak babesturiko eraikin bat, ezin bada erabili?”, esan du Gascok.
Bide horretan, aukera asko daudela uste dute sozialistek, eta Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatu diote. “Babes maila gorena ematea erabaki badu, nazio mailako ondare bihurtuko da Arte Ederrak, beraz, Jaurlaritzak berak ere parte hartu beharko du etorkizuneko proiektuan, eta bere diru ekarpena egin beharko du”.
Mundu mailako erreferente kultural bilakatuko den espazio bat sortu nahi dute sozialistek Arte Ederren eraikinean. 2016. urteko kultur hiriburutzari begira ere, “hiriko hainbat sortzaileren agertoki izan daiteke, eta hurrengo belaunaldientzako geratuko den altxor bat izango da gainera”, esan du Gascok.
Sozialistek ez dute euren proposamena zehaztuko “besteena aztertu arte”. Dena dela, argi daukate erabilera kulturala izan behar duela; “Ondare kultural izendatuta, ez du zentzurik hotel bat egiteak”. Horretarako gainera, sozialisten arabera, ezinbestekoa da jabetza pribatua jabetza publiko bihurtzea, eta bide horretan “pausoak emateko” eskatu diote udal gobernuari. Hain zuzen ere, hurrengo asteko udalbatzarrerako mozio bat aurkeztuko dute, “jabeekin adostasunak bilatzen hasteko eta 2016rako eraikinari erabilera kulturala eman ahal izateko neurriak hartzen hasteko” eskatuz udal gobernuari.

