Goia: "Eusko Jaurlaritza da eraikinarekin gertatuko denaren erantzule"
“Erabakitzen duenarena da ardura, eta Eusko Jaurlaritzak Arte Ederren eraikinari babes maila gorena ematea erabaki badu, horrek izango dituen ondorio guztiak ere bere gain hartu beharko ditu”; halaxe adierazi du Eneko Goia, EAJko bozeramaileak. Argi du Kultur Ondare izendatzea erabaki duen heinean, Eusko Jaurlaritza dela, hemendik aurrera eraikinarekin gertatuko denaren erantzule.
Goiak betiko jarrerari eutsiko diotela aurreratu du; “Arte Ederren eraikina ondare bat denik ez dugu ukatzen. Horregatik, eraikina babestu eta era berean erabilera bat ematea ahalbidetzen duen irtenbide bat adostu genuen, eta udalari gasturik suposatzen ez dion erabilera bat gainera. Orain, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak zein erabilera ahalbidetzen dituen jakin zain geratu beharko dugu”, esan du Goiak.
C babes mailak hainbat erabilera ahalbidetzen zituela nabarmendu du Goiak, baita erabilera kulturala ere. Orain, aukera horiek “mugatu” egin direla esan du, beraz jabeek erabaki beharko omen dute nondik jo. Dena dela, erabilera zehatz batzuk badutela administrazioentzako kostu bat adierazi du Goiak, eta Jaurlaritzaren gain utzi du ardura osoa.
Jabetzari dagokionez, Donostiako Udalari ez zaiola Arte Ederren eraikinaren jabetzarik komeni esan du Goiak, eta 2016ra begira, auzi hau kultur hiriburutzarekin lotzea “zentzugabea” dela uste du; “Donostia 2016k eraikin izugarri bat du Easo kalean, eta Tabakalera ere sorkuntzaren erreferente da”, esan du.
Egoera ez dela asko aldatu nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak; “Pilota beste teilatu baten gainean dago orain. Jaurlaritza da erantzule”.

