Gomez: "Udalak ezin du beste alde batera begira geratu"
PP “oso pozik” agertu da Donostiak beste Monumentu bat izango duelako, baina mahai gainean arazo berri bat dutela onartu du Ramon Gomez, zinegotzi popularrak. “Eraikinari nahikoa babes eman eta erabilera egoki bat adostuta genuenean etorri da Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Beraz, hemendik aurrera ere Jaurlaritzari dagokio jabeekin irtenbideak bilatzea”.
Hala ere, udal gobernuari ere “arduraz” jokatzeko eskatu diote popularrek; “Udalak ezin du beste alde batera begira geratu. Guretzako hotela zen irtebiderik egokiena, baina babes maila gorenarekin ezinezkoa bada, eraikinaren jabetza lortzeko formulak landu beharko dira, eta horretan udalak lan asko egin dezake”.
Eraikinari erabilera kultural bat ematekotan jabegoa udalarena beharko lukeela uste du PPk. Jabeei ere hitza ematearen aldekoa da Gomez, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak sortu dituen mugak aztertu eta irtenbideak lortzeko. Sozialistek bezalaxe, 2016a jarri dute helmuga popularrek. Ordurako eraikina prest egon daitekeela uste dute, “jabeen, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren parte hartzea lortzen bada”.

