Santi Auzmendi, 2006an, Donostian jokatutako Betenaroen Munduko Atletismo Txapelketan. (Argazkia: Amaia Portugal)
Santi Auzmendi diseinatzaile eta jostuna hil egin da. Lazkaon jaioa, Donostian garatu zuen bere ibilbide profesionala, eta atzo hil zen, 73 urterekin. Ezaguna da oso Auzmendi denda, Askatasunaren Hiribidean dagoena; euskal modagintzaren ikurretako bat bihurtu zuena denborarekin. Duela 44 urte zabaldu zuen denda, eta gizonezkoentzat nahiz emakumezkoentzat diseinatzen zuen arropa saltzen zuen bertan. Bere lehen denda, ordea, Lazkaon bertan ireki zuen, 20 urte zituenean.
Bereziki moda diseinatzaile moduan ezaguna zen arren, atletismoan ere oso emaitza onak lortu zituen. 1980ko hamarkadaren bueltan ekin zion korrika egiteari, eta Europako txapelduna izan zen, beteranoen kategorian, 2003an. Bestetik, Donostian 2006an jokatutako Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan zilarrezko domina bat eskuratu zuen, 800 metroko lasterketan.