Euriari aurre egin dio Olatu Talkak
Eguraldiagatik jarduera batzuk bertan behera utzi behar izan dituzten arren, gaurkoan ere herritarren partaidetza nabaritu da.
Olatu Talka jaialdiaren bosgarren ekitaldia ere jendetsua izan da. Eguraldia nahiko ongi portatu zen ostiralean eta larunbatean, igandean, ordea, euri zaparradak izan dira lehen orduko protagonistak. Hala, jarduera batzuk bertan behera utzi behar izan dituzte. Atertu duen heinean, ordea, herritarrak kalera irten dira, eta gaurkoan ere proposatutako jardueretan parte hartu dute. Guztira, asteburu luzean, 250 jarduera inguruk osatu dute Olatu Talka, eta bertan bat egin dute sormenak, elkartasunak eta aldarrikapenak, besteak beste.
Easo plaza, esaterako, hainbat artisau eta sortzaileren postuek bete dute gaurkoan, eta bisitariak agertu dira pixkanaka. Argazkilaritza Elkarteak, bere aldetik, Easo plazako argazki estudio bihurtu du, eta bertaratzen zirenei argazkiak atera dizkiete. Euskararen Plaza ere bihurtu da Easo plaza, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Gaztezulo aldizkariak eta IRUTXULOKO HITZAk atondutako postuei esker. Astekariak, ordea, ezin izan du behar bezala egin Hartu Hitza izeneko jarduera, euria etsai izanik ezin izan baititu ordenagailuak herritarrentzat erabilgarri jarri. Hala ere, IRUTXULOKO HITZAren azalak eskuz betetzeko aukera egon da, eta haur bat baino gehiagok euren albisteak idatzi eta margotu dituzte.
Gainontzean, Euskararen Plazan, jarduera gehiago egin dituzte herritarrek. Hitzen bilduma delakoan, esaterako, arbel batean euskarazko hitz berriak sortu edo ahaztutakoak berreskuratu dituzte; Euskarak 365 egun, leloarekin, berriz, hamabost panel dituen euskarria jarri dute, eta panelen leihotxoetan euskararen inguruko esaldiak idatzi dituzte herritarrek…
Eguerdian, gainera, partaideetako askok 2016 Gunean bat egin dute. Izan ere, bertan marmitakoa doan bazkaltzeko aukera egon da, eta asko izan dira bertaratu direnak, giro ederraz gozatuz.