Hauteskundeen biharamunean, hiriko alkatetzari begira jarri dira alderdiak
Europar Parlamenturako Hauteskundeen azterketa egin dute udal talde politikoek.
Europar Parlamenturako Hauteskundeen balorazioa egiteko eguna da gaur. Gainera, datorren urteari begira, erreferentzia gisa hartu dituzte atzoko emaitzak alderdi politikoek; batzuk gogoeta egin eta aldaketarako unea dela ondorioztatu dute, besteek, berriz, bide beretik jarraituko dute lanean.
BILDU (13.670 boto)
Josu Ruiz, udal gobernuko bozeramailearen esanetan, emaitza argia da; “EH Bilduk irabazi ditu hausteskundeak. Azken lau deialditatik hirutan irabazi du, eta hori egiten ari garen lanaren isla da, dudarik gabe”.
EH Bilduk sortu duen “aldaketa kutsu berria” ondo baloratu dutela herritarrek esan du Ruizek; “Pertsonak oinarrian dituen politika ereduaren alde egiten du lan EH Bilduk, eta herritarrek ere eredu berri horren aldeko apustua egin dute”.
Oso emaitza onak lortu arren, abstenzio maila altua izan dela nabarmendu du Bilduko zinegotziak; “parte hartzea ez da oso handia izan. Herritarrek urruti sentitzen dituzte Europar Parlamenturako Hauteskundeak, baina zenbait alderdi politikoren politika eredua ere bai, eta hori argi erakutsi dute emaitzek”, esan du Ruizek, PP eta PSEren emaitzei erreferentzia eginez. Bilduri dagokionez, aurrera begira ere ildo beretik lanean jarraituko dutela gaineratu du Ruizek.
EAJ (13.270 boto)
Eneko Goia bozeramaile jeltzaleak ere herritarren parte hartzea izan du gogoan; “biharamunean botoak zenbatu eta alderdien artean banatzen ditugu, baina botorik eman ez duten herritar horiek ere gogoan izan behar ditugu. Herritarren eta politikarien arteko urruntze horri irtenbideak bilatu behar dizkiogu”.
Europar Parlamenturako Hauteskundeetako emaitzari dagokionez, EAJk “oso emaitza onak” lortu dituela adierazi du Goiak; “Jasotako botoek erakusten dute Donostian EAJk oso oinarri sendoa duela, eta emaitzek argi eta garbi berresten dute Donostiak behar duen aldaketa lortzeko aukerarik sendoena EAJ dela”.
Hauteskunde bakoitzaren ezaugarriak aintzakotzat hartu behar direla esan du Goiak, baina “herritarren konfiantzak laister dugun erronka berrirako indarra” eman dietela gaineratu du. Europar hauteskundeetatik ondorio argirik ateratzerik ez badago ere, Donostiako hurrengo alkatetzarako indar nagusiak ere EAJ eta Bildu izango direla esan du zinegotzi jeltzaleak.
PSOE (9.228 boto)
Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak ere Donostiako alkate izateko hautagai sendo baten gisara ikusten du bere burua. PSE-EErentzako oraingoa legegintzaldi gogorrena izaten ari dela onartu du Gascok, baina Donostiako alkatetza berreskuratzeko asmo sendoa erakutsi du. Izan ere, datorren urteko hauteskundeak oso lehiatuak izango direla uste du; “Hauteskunde europarrak ez dira Donostiako alkatetzarako erreferentzia”, esan du Gascok.
Atzoko hauteskundeen emaitzei dagokionez, emaitza kaskarrak izan dituztela onartu du zinegotzi sozialistak. Krisi politikoa oso nabarmena dela adierazi du Gascok, eta PSOEk buruzagitza berri bat behar duela gaineratu du.
PP (8.612 boto)
Ramon Gomez, bozeramaile popularrak oso emaitza txarrak izan dituztela onartu du. Jose Luis Arrue zinegotziak, berriz, atzoko emaitzek PPren “zorua” ikutu dutela adierazi du, eta 1990eko emaitzekin alderatu ditu atzokoak. “Herritarrek gauzak beste modu batera egin beharra dagoela erakutsi dute, eta horrek hausnarketara garamatza”, esan du Gomezek.
Popularrek harridura erakutsi dute EH Bilduk lortutako emaitzekiko; “Kezkagarria da Bilduren aldeko emaitza, gure ustez, Donostian egiten duten politika eta kudeaketa ez baitira egokiak hiriaren eta hiritarren interesentzako”.
Horregatik, PPk kalean jarraituko duela adierazi du Gomezek, “herritarren beharrak aztertzen eta euren aldarrikapenak entzuten”. Dena dela, atzoko emaitzak barne hausnarketarako ere balioko dutela onartu du zinegotzi popularrak, eta herritarrek politikariengan konfiantza berreskuratzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu du.
Azkenik, Ramon Gomezek eskerrak eman dizkie botoa eman dieten ia 9.000 donostiarrei.


