
Helduen mailako pilotariak, igandean. (Argazkia: Añorga KKE)
Evaristo Aiestaran III. Pilota Txapelketa antolatu du aurten ere Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak. Euskal Herriko puntako pilotariak bilduko ditu lehiak, eta atzo jokatu zituzten lehen partidak. Bi mailatan banatuko dute txapelketa, eta honakoak izan ziren atzoko emaitzak: 22 urtetik beherakoetan, Ansa-Imaz / Maiza II eta Larraia, 22-11; helduetan, berriz, Ojuel-Diez / Urmeneta-Urruzola, 22-11. Hemendik aurrera, astebururo jokatuko dituzte partidak, eta finala, auzoko jaiekin bat eginez jokatuko dute.
Evaristo Aiestaran zenaren omenez jokatzen dute txapelketa. Izan ere, Añorga KKEko batzordekidea izan zen, eta 2011ko apirilean hil zen, 84 urterekin. 2006an Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Añorgako Ertizka Otxotearen sortzaile izateagatik. “Ametsa dela dirudi. Añorgan pilota txapelketak antolatu izan ditut urte askoan. Arkaitz dantza taldean ere ibilia naiz, baina kantua dut pasiorik handiena. Parrokian hasi, eta Donostiako Orfeoian ere 50 urte egin nituen. Ertizka otxotearen sortzailea ere banaiz. Egindako lanaren aitorpena orain etorri da, eta poz handia dut eta harro sentitzen naiz”, aipatu zuen saria jaso zuenean.

Evaristo Aiestaran. (Argazkia: Gari Otamendi)