Konpromiso eguna. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kale-plazak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa, erabilitako metro koadroen araberakoa izatea nahi du PPk.
Parte Zaharra eta Bulebarra “ezker abertzalearen aldarrikapenak egiteko agertoki” bilakatu ohi direla salatu du Ramon Gomez, PPko bozeramaileak. Gainera, hainbat kasutan kale-plazak erabiltzeagatik ez dituztela dagozkien tasak ordaintzen adierazi du.
Libre Topaketa eta Konpromiso eguna jarri ditu adibidetzat Gomezek. Lehen kasuan, Joseba Alvarezek gidatu zuela jarduera salatu du; “Norbanako batek ezin du karpa bat jarri Bulebarrean, eta kasu honetan utzi zitzaien. Lau egunez egon ziren bertan, eta orotara 21,96 euro ordaindu zituzten soilik”.
Ramon Gomez, PPko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Konpromiso egunean, berriz, Herria kultur elkartearen eskariz, “Parte Zahar osoa okupatu” zutela salatu du Gomezek; “Zuloaga plazan, Trinitate plazan, Bulebarrean eta beste hainbat kaletan egin zituzten jarduerak hiru egunez, eta orduan ere 21,96 euro ordaindu zituzten, baimen bakarrean batu baitzituzten gune guztiak”.
Egoera honen aurrean, “Bilduk abantailak ematen dizkie bere inguruko jarduerei. Baina Bulebarra eta Parte Zaharra lekurik garestienak dira; ostalariek dirutza ordaintzen dute terraza bat jarri ahal izateko, eta bitartean, aldarrikapen politikoetarako karpetan musika, janaria eta edaria eskaintzen dituzte, eguneko zazpi euroren truke”, esan du Gomezek.
Neurri hauek ez direla “bidezkoak” salatu du zinegotzi popularrak, eta mozio bat aurkeztu dute osteguneko udalbatzarrean eztabaidatzeko. Karpen erabilera zehaztasun handiagoarekin arautzea nahi dute, eta tasak, erabiltzen diren metro koadroen arabera definitzeko eskatuko dute.
Bestalde, hiriko hainbat guneri trataera berezia ematea nahi dute. Hala, Alderdi Eder, Bulebarreko kioskoa eta inguru guztia, eta Ugartemendia plaza babestea nahi dute, eta “interes orokorreko” jarduerak egiteko bakarrik erabiltzea, erakunderen batek antolaturikoak direnean betiere.