Donostiarra Arraun Elkarteak denboraldiaren aurkezpena egingo du igandean
Klubak deia egin die komunikabideei, bazkideei eta zaleei kaiko arranpara joan daitezen.
Traineru estropadak hastear den honetan, Donostiarra Arraun Elkarteak denboraldiaren aurkezpena egingo du, urtero legez. Hala, klubak deia egin die komunikabideei, klubeko bazkideei eta jarraitzaileei orokorrean, igandean 12:00etan kaiko arranpara joan daitezen.
Iaz ez bezala, aurten berriro ere bi traineru uretaratuko ditu Donostiarrak, KAE-1 eta KAE-2 ligetan, eta bi kluadrillak osatuko dituzten arraunlari guztiak banan-bana aurkeztuko dituzte igandean. Ondoren, denek batera taldeko argazkia aterako dute, Torrekua II traineruarekin batera. Xabier Zabala eta Mikel Kortadi, lehen eta bigarren taldeko entrenatzaileak hurrenez hurren, bertan egongo dira. Alberto Goitia Donostiarrako presidentea arduratuko da zaleei ilusiozko mezua helarazteaz. Bide batez, Donostiarra babesten duten 15 elkarte gastronomikoei taldearen argazki bana emango diete, esker moduan.