Erabiltzen ez diren eraikin publikoak alokairuan jartzea proposatu du PSE-EEk
Etxebizitza hutsen arazoa larria dela uste dute sozialistek Donostian, eta irtenbideak bilatzeko ahalegina egiteko eskatu dute. Ildo horretan, PSE-EEk proposamen bat eramango du osteguneko udalbatzarrera: Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak edo Donostiako Udalak berak erabili gabe dauzkan eraikinak alokairuan jartzeko eskatuko dute sozialistek.
Hala jakinarazi du Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak. Bere esanetan, “eraikin publikoek ez dute Ondasun Higiezinen Zergarik ordaintzen, eta erabili gabe eduki daitezke bizitza osoan. Bien bitartean, herritarrek gainkarga bat ordaindu behar izaten dute etxebizitzaren bat hutsik badute. Erakunde publikoek egiten ez dutena herritarrei eskatzea ez da zilegia”.
Truke edo desjabetzeen ondorioz erakunde publikoek etxebizitzak jasotzen dituztenean pare bat urtez hutsik edukitzea ohikoa izan daitekeela onartzen du Gascok, baina hirugarren urtetik aurrera irtenbide bat bilatu behar omen litzateke. Sozialistek hutsik dauden eraikinak Etxegintzari eman, eta honek alokairuan jartzea proposatzen dute.
Hutsik dauden eraikin batzuk aipatu ditu Gascok, adibide gisa. Gizarte Segurantzak Podavinesen duen eraikina, Eusko Jaurlaritzak Bilbao plazan edo San Martin kalean dituen eraikinak, edo udalak berak, Lasala plazan duena.
Adibide batzuk baino ez dira, eta Gascoren arabera eraikin publiko batzuk, “bost, zortzi, hamar edo hogei urte” daramatzate hutsik. “Horiek guztiak konpontzeko inbertsio txikiak eginda, ehunka etxebizitza prestatu daitezke, gazteentzat, adineko pertsonentzat edo langabezian dauden familientzat, esaterako”.
Lan asko egin daitekeela nabarmendu du Gascok, eta osteguneko udalbatzarrean euren proposamena onartzea espero du.



