Bi merkaritza gune berri zabalduko dituzte laster; San Bartolomen bat, eta Getaria kalean bestea.
Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, azaroaren 30erako hiriko Merkataritza Plana prestatu beharko du udal gobernuak. Plan horretan irekitzea aurreikusi dituzten merkataritza guneek inguruan eta saltoki txikietan izango duten eragina aztertzeko eskatu dute jeltzaleek. Mozio bat aurkeztuko dute osteguneko udalbatzarrean.

Aitziber San Roman, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aitziber San Roman, zinegotzi jeltzalearen arabera, “txikikako merkataritza hiriko nortasunaren oinarria da, eta sustatu beharra dago. Horretarako merkataritza planaren berri izan behar dute merkatari elkarteetako kideek ere, eurei eragiten baitie gehien”.
Zentzu horretan, hirigintza proiektuen eta merkataritza planaren arteko “oreka” bat bilatu beharraz mintzatu da San Roman; “Begibistakoa da Merkataritza Plan Estrategikoa diseinatuko bada, guztiz beharrezkoa dela ondo definitzea zein den Donostiako merkataritza bolumena, hau da, zenbat metro koadro dituen hiriak merkataritza garatzeko”.
San Romanen esanetan, “Donostiako txikikako merkataritzak une latzak bizi ditu. 2014ko Merkataritza Aholku Batzordeak emandako datuen arabera, azken bi urte hauetan 208 denda itxi dira Donostian, eta horrek 575 lanposturen galera ekarri du. Gure hiriko ekonomian merkataritza oinarrizko sektorea da, eta beraz, abian jartzen diren promozio berriak plan Estrategikoan aintzakotzat hartu eta aztertu beharko dituzte”.