11 Danbor Martxak jaia eta aldarrikapena batu ditu
Alderdi Ederretik berrogei talde abiatu dira eta erdialdeko kaleetatik barrena danborrak astindu dituzte.
Euskal Herria 11 Kolore mugimenduak aniztasunaren alde egin du asteburuan. Gaur arratsaldeko Danbor Martxa izan da jaiaren ekitaldi nagusia, eta jendetza hurbildu da bertan parte hartzeko.
Berrogei talde inguru Alderdi Ederren elkartu dira. Aurtengo txupinaren arduraduna Errioxako danbor nagusia izan da, Javier Suarez, Donostiako Errioxako Etxearen izenean. Gipuzkoako erregio etxe honek ehun urte bete ditu, eta zaharrena denez, omenalditxo bat egin nahi izan diote. “Gora aniztasuna!” oihukatu ostean, Oreka TXk iaz propio sortutako Atanbara kantua jo dute partaide guztiek.
Hala, Alderdi Ederretik irten eta hiriko erdialdeko kaleetatik barrena joan dira, Donostiako Piraten Burubeltz konportsak animatuta. Aurten bost buruhandi berrirekin egin dute kalejira.
Aniztasunaren asteburuari bihar emango diote amaiera, folklorea hizpide hartuta. Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak antolatu duen jaiarekin, hainbat tokitako folklore taldeak Alderdi Ederretik Konstituzio plazara abiatuko dira, eta bertan emannaldiak egingo dituzte. Egun osoan zehar zortzi txosna egongo dira zabalik, eta bertan hainbat jatorritako produktu gastronomikoak salduko dira, prezio herrikoiean.
Bestalde, iaz sekulako arrakasta izandako 11 Pintxo 11 Zapore ekimen gastronomikoaz gozatzeko aukera ere egongo da. Parte Zaharreko hamaika tabernek 2 euroren truke pintxo berezia eskainiko dute bihar ere, Mexiko, Txile, Galiza, Katalunia, Eskozia, Irlanda, Palestina, Maroko, Txina, Kolonbia eta Errioxako gastronomietan oinarritutakoak.
[box]
11 KOLORE FEST, EGITARAUA
Ekainak 1, igandea
- 10:00. Errejioetako folklore taldeen desfilea. Alderdi Ederretik Konstituzio plazara.
- 11:30-14:30 eta 18:00-21:00. Folklore taldeen emanaldiak. Konstituzio plazan.
- Egun osoan zehar, zortzi txosna jarriko dituzte, eta bertan erregio etxeetako gastronomia produktuak salgai egongo dira, Konstituzio plazan.