'Pilotakadaz, pilotakada', euskal presoen sakabanaketa salatu dute Egian
Pilotakadaz pilotakada jarduera Donostiara heldu da, Egiako pilotalekuan euskal presoen dispertsioaren aurka agertu dira.
Etxerat-ek bultzatutako Pilotakadaz pilotakada ekimena urte hasieran martxan jarri zuten. Euskal Herriko zenbait herritatik igaro ostean, Donostiaren txanda iritsi da. Goizean, Egiako pilotalekuan, euskal presoen sakabanatzea salatzeko jarduera egin dute.
“Frontoiak Euskal Herriarekin duen harreman estua kontutan hartuta, presoen sakabanatzearen aurka, pilota munduaren inguruan ekimen bat egitea pentsatu genuen”, azaldu du jarduera antolatzen lagundu duen Julio Güemes amaratarrak. Publiko zabal bati zuzendu nahian, hasieran haurrak pilotan aritu dira, ondoren helduek partida mixtoak jokatu dituzte, eta azkenik pilotalekuan bildu diren guztiekin argazki bat egin dute. Pintxoak dastatzeko aukera ere egon da. Jendetza elkartu da Egian, eta giro ederra sortu da. Kamiseta txuria zutenek, pilota partidan parte hartu dutenak edota partidak antolatu dituztenak izan dira; kamiseta berdeak, aldiz, herritarrek sakabanaketaren aurka laguntzeko jantzi dituzte.
Lurralde osoan egin diren jarduera hauek amaierako egun bat dute. Ekainaren 29an, azken jarduera bat egingo dute, Tolosan, hain zuzen ere. Ekimena txapelketa moduan egin duten herrialdeek, finalak egun horretan jokatuko dituzte.