Larunbatean ospatuko dute Izarrak Plazara talentu lehiaketaren finala
Sailkapen saioan hamalau taldek parte hartu dute; baina, finalean horietako sei besterik ez dira egongo.
Gazteentzako lehiaketa hau Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskaldunon elkarteak antolatzen du, eta gazteen artean sormen artistikoa sustatzea eta ondo pasatzea du helburu nagusia. Hemezortzi urte bitarteko gazteentzako lehiaketa da, eta edonork hartu dezake parte; norbere trebetasunak erakusteko gogoa besterik ez da behar. Musika, kantua, dantza, antzerkia, txisteak, bakarrizketak, bertsoak, magia, zirko ikuskizunak, edozerk balio du.
Horixe bera erakutsi zuten sailkapen saioan parte hartu zuten hamalau taldeek. Guztira, 36 gazte elkartu ziren Intxaurrondo Kultur Etxean, eta gehienez, bost minutuko ikuskizunak eskaini zituzten. Saio bakoitzaren atzetik, epaimahaikideen galderak eta hobetzeko proposamenak etorri ziren, eta gomendiorik errepikatuenak gorputza askatzea, espazioa erabiltzea, eta gozatzea izan ziren, besteak beste.
Talde guztiek euren ikuskizuna eskaini ondoren, epaimahaikideak elkartu eta tarte batez eztabaidan aritu ziren, sailkatutakoen izenak antolatzaileen eman zizkieten arte. Hona hemen finalera pasa diren sei taldeak:
- Malaika taldea. Noizbaiteko doinua kanta, gitarraz eta pianoz lagunduta eskaini zuten.
- Peru abeslaria. Zarama taldearen Iñaki kanta defendatu zuen.
- Maier dantzaria. Tradizionala, klasikoa eta garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztu zuen.
- Izarrak taldea. Fitoren Atseden une bat kanta oinarri hartuta, dantza ikuskizuna eskaini zuten.
- Nora eta Maria. Musikaren dantza ikuskizuna aurkeztu zuten. Mariak dantza egin zuen, Norak pianoz lagunduta.
- Irati dantzaria. Lady Gagaren Just dance eskaini zuen.


